Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Lurralde Auzitegiko lehen sekzioak 55 urteko gizon bati zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio sexu abusuak egiteagatik. Eurropa Press-ek zabaldu duenez, gasolindegi bateko kafetegiko arduraduna zen gizona eta han lan egiten zuten hiru emakumeri sexu abusuak egin zizkiela frogatutzat eman du epaitegiak. 27.000 euro ere ordaindu beharko dizkie hiru emakumeei.Bestalde, gizona sexu erasoko bi delituengatik absolbitu egin dute.Emakumeetako batekin sexu erlazioak izan dituela frogatu bada ere, "ez delako argi frogatu hark salatu bezala indarkeria erabiliz egin ote zen". Gertakariak 2008ko ilbeltzetik urrira izan ziren. Hiru emakumeek haien esperientziak elkarrekin komentatu eta salatzea erabaki zuten orduan. Salaketa egin eta gero, hirurak kaleratu zituzten eta kaleratze hura ez zela bidezkoa izan ebatzi zen gerora. Epaian jasotzen denez, sexu askatasunaren kontra jotzen zuten jarduera errepikatuak egin zituen gizonak. Hori frogekin, emakumeen eta lekukoen adierazpenekin agerian gelditu dela adierazten du epaileak. Sexu indarkeria jasaten duten biktimendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia da: 112.- Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu jazotakoa, eta laguntza eskatu.- Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.- Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.- Babesa behar izanez gero. Eskatu babes-agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago. Eguneko 24 ordutan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.