Portlanden 29 lanpostu finko desagertu direla salatu du ELAk

Guaixe 2010eko maiatzaren 19a

ELAko sekzio sindikalak deituta astelehenean Cementos Portlandeko 25 bat langilek kontzentrazioa egin zuten enpresaren atean. Bilkura horrekin "lan baldintzak nabarmen aldatzen dituen espedientea" salatu zuten. ELAren ustez espediente hori "berregituraketa bat da, 29 lanpostu finko desagertzea eta enpresa laguntzaileetako 20ren kaleratzea dakar. Azken horiek 15 urte daramate lanean". Lantegian ELAko ordezkari den Aitor Irigoien Galartzak azaldu duenez, produkzioan desagertzen dira lanpostu gehienak. "Lana egiteko gutxieneko eraginkortasun eta segurtasun baldintzen azpitik geldituko ginateke". Salbuespena astelehenetik ostiralerako goizeko txanda litzateke, "arratsalde, gau eta asteburuetan lantegian zortzi langile besterik ez lirateke egonen, %33 gutxiago". ELAren ustez langile batek gero eta denbora gehiago bakarrik lan egin behar du eta horrek segurtasun falta ekartzen du. Lantegiaren konplexutasuna eta hedadura handia gogora ekarri dituzte. ELAk azaldu duenez, aurreko urteetan honen produkzioaren pare ibili gara, "baina ustezko krisi baten aitzakian, enpresak etekinak handitu nahi ditu segurtasuna txikituz eta langileei lana izugarri handituz". SalaketaCCOO sindikatuak salaketa kolektiboa aurkeztu du, lan hitzarmena aldatzen duela uste duelako. Harri batu zaio enpresa batzordea (UGTko 4, CCOOko 3, ELAko 1 eta LABeko 1). Gainera beste 17 langilek ere salaketa aurkeztu dute. Kaltetutako langileen bi heren. Iruñeko lan arloko epaitegian ekainaren 23an izanen da bista. Enpresaren iritziaCementos Portland Valderrivas enpresatik azaldu digutenez, "lantegia produkzio gaitasunaren %50ean ariko da aurten. Ekoizpena 2008tik jaisten ari gara eta produkzio linea bat ixtea erabaki da". Salmenten jaitsierari aurre egiteko zuzendaritzak "antolakuntzan aldaketak egitera eta kostuak jaisteko neurriak hartu behar izan ditu. Beti ere, bertako enplegua defendatzeko asmoz". Enpresako arduradunek esan digutenez, ez da inor kaleratu. "Industria lagungarriak zuen pisua txikitu egin da eta lanpostu horiek porlandegiko langileei eman zaizkie". Zuzendaritzatik gaineratu dutenez "enpresa batzordeak ez ditu neurri horiek zalantzan jarri. Baina ezin izan da akordiorik lortu haiek eta kaltetutako langile batzuk lan egiten ez duten gau eta jaiegunetako plusak kobratzen segitu nahi zutelako". Zuzendaritzak ez du hori onartu lan txanda horiek egiten dituzten langileak kontuan hartuz bidegabea delako.