Udala eta porlandegia balioztapenaz aritu dira

Guaixe 2010eko maiatzaren 20a

Alkateak esan digunez errausketaren gaiaz hitz egiteko lehen hartu-eman bat izan zen asteazkenekoa. Udalak Cementos Portland Valderrivasi (CPV) "nahi duten horretan gardenak izateko" eskatu dio. "Argitu dezala enpresak zein hondakin erre nahi dituen eta aurkeztu ditzala. Ondoren udalak esanen du zein bai eta zein ez". Alkateak azaldu digunez, iazko udazkenean errausketaren kontra azaldu ziren, "informaziorik ez dugulako". Informazioa jasotzean, "teknikoek zer dioten ikusi beharko da". EnpresaPorlandegitik esan digute lehen bilera hori "positiboki eta zuhurtziaz" baloratzen dutela. "Duela urte bat alkateari egitasmoaren izaera estrategikoa azaldu ondoren, urte bat aurrerabiderik gabe egon ondoren, elkar hurbiltzeko klima eta udalaren borondate politikoak proiektuaren arlo teknikoa eta juridikoa aztertzeko eskenatokia sortu du". Baina akordioa ixtetik urrun daudela ziurtatu du enpresak. Porlandegitik gogora ekarri dute balioztapena beste herrialde batzuetan 30 urte baino gehiago erabiltzen ari direla, eta hainbat txosten eta ikerketek osasun eta ingurumenean kalterik ez dutela sortzen esaten dute. CPVk konpromisoa adierazi du araudian toxiko den arriskutsu gisa sailkatutako hondakinik ez sartzea. Aldi berean, enpresak nabarmendu du 2012an Kyotoko Protokoloaren ondoren, "soilik lantegi efiziente, errentagarri eta jasangarrienak eutsi ahalko diote CO2 isurien exijentzia berriei, eta balioztapena ezinbestekoa da". Inbertsioak egin beharra dago eta enpresa batzordeak aurrerabiderik ez dagoelako kezkatuta azaldu omen da. Antza, enpresaren asmoa litzateke erre nahi dituen hondakinen artean zati bat basoan sortutako biomasa izatea. Errausketaren kontraBilkura hasi baino ordu erdi lehenago Sakana Bizirik plataformak deituta udaletxe aurrean kontzentrazioa egin zen, errausketarik ez leloarekin. Plataformako kideek bilerara joan ziren pertsonei errausketaren kontrako idatzi bana banatu zien. Hartan azaldu zuten errausketa "hondakinen tratamenduko modu arriskutsu eta sostengaezinena" dela. Horrekin batera plataformak dio "errausketak ez duela pertsona eta tokiendako onurarik ekartzen, baizik eta batzuek aberasten dituela gehiengoaren osasun eta baliabideen kontura".Alkateak enpresa bilerara deituz udalak onartutako protokoloa ez dela bete salatu zuen Sakana Bizirik plataformak, eta plenoan onartutakoa ez betetzea salatu zuen. Horrekin batera, plataformak nabarmendu du, udalak oraindik ez diola bidali enpresari iazko azaroaren 26an hartutako akordioa (errausketaren kontra eta ordenantza betetzearen aldekoa). Plataformaren ustez, "alkateak, bere kabuz, herrian itxita zegoen eztabaida bat zabaldu du". Horri lotuta gogora ekarri dute Sakanan errausketaren kontra jasotako 3.200 sinadurak. Haietatik 750 Olatzagutian bildu zirela nabarmendu dute.