Olaztiko Antzerki Tailerra taula gainera

Guaixe 2010eko maiatzaren 21a

Olaztiko Antzerki Tailerra oholtza gainera igoko da asteburuan. 13-16 urteko antzezle gazteek Exce(S.O.S.) antzezlana aurkeztuko dute, taldearen bigarren lana. Iazko lanaren arrakasta ikusita, aurten saio bikoitza eskainiko dute, larunbat iluntzean bat eta domeka arratsaldean bigarrena. Sarrerak salgai daude herriko udaletxean eta ikuskizunaren egunean kultur etxean. GehiegikeriakOlatzagutiako Antzerki Tailerrak txikitako lagun talde bat eramanen du eszenara. Denbora luzean elkar ikusi gabe egon ondoren, lagun baten 30. urtemuga festan bilduko dira. Denbora tarte horretan lagun bakoitzak bere bidea aukeratu du, baina badute zerbait komunean: nork bere gehiegikeria du. Hori da antzezlanaren gaia. Izenburuan agerian geratzen denez, gehiegikeriak, edozein izanda ere, kaltegarriak dira. Izan bakardadea, maitasuna, erlijioa, zoriona, hitz jarioa, tristura, bikaintasuna, kontrola, txukuntasuna, urduritasuna, dirua, ospea, arrakasta edo bekaizkeria, mugara eramanda ez da osasuntsua. Agerian utziko du hori Exce(S.O.S.) antzezlanak.Erkuden de Andresek ohiko duenez, antzezle gazteen inprobisazio eta sormenetik abiatu da antzezlana. "Gehiegikeriak gaia proposatu nien eta haren inguruko prototipo positibo eta negatiboak lantzen hasi ginen. Horrela sortu da antzezlana" azaldu digu. Eszenografia Leonardo da Vinciren Azken afaria koadro ezagunean oinarritu da.Talde gazteaBi ikuspegitatik gaztea da Olaztiko Antzerki Tailerra. Batetik, antzezleen adinagatik: 13-16 urteko gazteek osatzen dute taldea. Eta, bestetik, taldea berriki sortu delako. Olaztiko Antzerki Tailerrak iaz hasi zuen ibilbidea. Antzezleek udalak antolatutako oinarrizko antzerki ikastaroan eman zituzten lehen pausoak. Gazteak gogoz geratu zirela ikusita, udalak martxan jarri zuen Antzerki Tailerra, Erkuden de Andres altsasuarra buru zela. Joan zen urteko apirilean eman zuen lehen fruitua: Amor(es) antzezlana, Olaztiko Tailerraren estreinako lana. Urte bete geroago, bigarren lana mustutzeko prest daude. Ia antzezle guztiek jarraitzen dute taldean, 13tik 10ek zehatz-mehatz. Aurten, esperientzia bikoitza dute eta ilusio bera. Fitxa teknikoaSortzaileak: TailerraZuzendaria: Erkuden de Andres.Aktoreak: Ainhoa Markinez, Leire Aiestaran, Joana Perez, Igone Imaz, Anne Rodriguez, Oihane Diaz de Durana, Amaia Urteaga, Nahikari Gonzalez, Leire Zabalo eta Nahia Galbete.