Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olaztiko Antzerki Tailerra oholtza gainera igo zen asteburuan. Primerako harrera izan zuen Exce(S.O.S.) antzezlanak, bereziki larunbateko saioak. Bi emanaldien artean 160 ikusle izan zituzten. Herritarrek antzezle gazteen lanaz gozatu zuten eta txalo zaparrada eskaini zieten. Gaztetxoak izanagatik ere, Exce(S.O.S.) olaztiarren bigarren antzezlana zen. Erkuden de Andres tailerreko irakasle eta antzezlanaren zuzendariaren hitzetan, sumatu zen esperientzia: "iaz baino lasaiago zeuden eta lan ederra egin zuten" azaldu digu.Tailerraren antolatzaile Olaztiko Udaleko Kultura Saila gustura geratu da tailerreko gazteen lanarekin. "Antzezlana oso landuta zegoen" esan digu kultura zinegotzi Sergio Gastaminzak. Udaleko kultura teknikari Virginia Alonsok tailerraren alde hezitzailea azpimarratu du. Tailerraren etorkizunaz galdetuta, tailerrari eusteko nahia adierazi dute.