Hondakinen erreketari buruzko herri galdeketa eginen du udalak

Guaixe 2010eko ekainaren 2a

Portlandek bere lantegian hondakinen balioztapena egiteko nahia azaldu du. Horren aurrean azken hitza olaztiarrek izatea erabaki du udalak, gaiaren inguruko herri galdeketa loteslea eginen baitu. Data zehatzik oraindik ez dago galdeketarako. Aurretik udalaren eta enpresaren arteko harremanak izanen dira. Ruben Garcia alkateak jakinarazi digunez, uda bukaeran herriari zabaldutako informazio jardunaldiak antolatu asmo du udalak. Haietan gaiari buruzko iritzi guztiak ezagutzera eman nahi lituzke udalak. NaBaik aurkeztu zuen herri galdeketa egiteko eskaera eta bere bozekin egin zuen aurrera. Mozio berean koalizioak herritarrak "lasaitasunera eta demagogia eta espekulazio interesatu guztiak baztertzera" deitu zituen. Udalak porlandegiarekin dituen elkarrizketen berri informazioa zabalduko duela adierazi du. Aldi berean, udal idazkariak jasotako aktak publiko eginen dituela azaldu du. NaBairen botoekin aurrera atera zen mozioa. Ezker abertzaleak eta PSNk kontrako boza eman zuten. Sakana BizirikPlataformak aurkeztutako mozioa ere aztertu zen bilkuran. Plataformaren idatzian gogora ekarri zen udala errausketa-balioztapenaren kontra eta jarduera sailkatuen udal ordenantza mantentzearen alde azaldu zela (azaroaren 26an). Sakana Bizirik-ek mozioan jaso zen "(udalak) ez duela inolako espekulaziorik onartuko, haien asmoa bada porlandegiaren nahiak herritarren artean enfrentamentua sortzea". Udalak onartutako akordioak bete eta lasaitasunerako deia eginez bukatzen zen mozioa. Plataformak aurkeztutako idatzia onartu egin zen hautetsi independentisten aldeko bozarekin, NaBairen abstentzioarekin eta PSNren kontrako bozarekin. Ezezkoaren zergatiaEzker abertzalearen ustez azken bilkuran NaBaik onartutako mozioa Sakana Bizirik plataformak aurkeztutakoa ordezkatzeko aurkeztu zen. Hautetsi independentstek koalizioari " "Porlandgiak Olaztin martxan jarri nahi duen jarduera berri honen aurrean batere irizpide propiorik ez" izatea leporatu diote. Hautetsi independentistak azaldu dute ez daudela "seriotasunez eta argitasunez planteatutako herri kontsulta baten aurka". Horretaz gain, gaineratu dute "proposamen serio ba ezin dela beste batzuk udalak onartutako erabakiak errespetatzeko eskatuz aurkeztutako mozio baten alternatiba moduan planteatu". Hautetsi independentistek azaldu dutenez, "osasunarendako hain kaltegarria den jarduera hau gelditzea lortu duten tokietan udalak izan dira, irizpideak argi izanez, herritarren erantzuna bideratu dutenak". Haien ustez "zoritxarrez" koalizioak ez du Olaztin halako jarrerarik hartu.