Horrekin batera, udalak eskatu du inmatrikulazioan "tematuz gero, baldintza berberetan egiteko: publikoki eta dokumentuak aurkeztuz, herriek alegatzeak herritar, herri zein erakundeen eskubideak kontuan izanik". Eskaera azken bilkuran onartu zuen Olatzagutiako Udalak, NaBairen eta hautetsi independentisten aldeko bozarekin eta PSNren kontrakoarekin. Akordio horretan udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio Justizia Ministeriora jotzeko eta Hipoteka Legearen babesean 1946tik 1998ra Nafarroan inmatrikulatu diren ondasun guztien zerrenda emateko. Aldi berean, elizbarrutiak inmatrikulatutakoa berreskuratu nahi duten toki erakundeei Nafarroako Gobernuak babesa ematea eskatu du udalak. Foru gobernuari ere eskatu zaio inmatrikulatutako ondasunetan erakunde publikoek egindako inbertsioen zenbatekoa.