Teknoaren maisuak III. Maisuteknon

Guaixe 2010eko ekainaren 11

Olatzagutiako Maisuenea Gaztetxeak Maisutekno Jaialdiaren III. edizioa hartuko du bihar. Urtetik urtera indartuz joan da Sakanako teknoaren jaialdia. Aurten Sakanako bederatzi DJ igoko dira eszenatokira. Musika elektronikoa Sakanan hartzen ari den indarraren isla da. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da tekno-festa eta ordu txikietara arte luzatuko da. Olatzagutiako Gazte Asanbladak lehen ordutik hasita Gaztetxera joateko deia egin du. Teknozaleek gustuko musikaz gozatzeko aukera ederra dute.Musika aniztasunaRock taldeak nabarmendu dira Sakanan. Baina, nork esan du hori dela Sakanan egiten den musika bakarra? Musika estilo berriak lekua hartzen ari dira gure bailaran, esaterako, ska taldeek, Afrikako erritmoek edota musika elektronikoak. Azken horren adibide dira lehen urtemuga bete berri duen North Trance Collectivoa eta, urtea joan urtea etorri, Olatzagutiako Maisutekno Jaialdian elkartzen dira Sakanako DJak. Teknozaleei lekuaMusika estilo berriei lekua egiteko helburuarekin sortu zen Maisutekno Jaialdia. Olaztiko Gazte Asanblada jabetu zen teknoak jarraitzaile asko zituela Sakanan. Tekno nahasketak egitera ausartzen ziren sakandarrek ez zuten non jo eta, bestalde, sakandar askok kilometroak egin behar zituzten gustuko musika entzuteko. Batzuei eta besteei, DJei eta jarraitzaileei, lekua egin zien Maisutekno Jaialdiak. 2008an mustu zuten tekno-festa. Jaialdiaren arrakasta itzela ikusirik, Gazte Asanbladak jarraipena ematea erabaki zuen. Horrela, aurten hirugarren urtea beteko du Maisutekno Jaialdiak.Bederatzi DJAzken urteetan DJ uzta ederra eman du Sakanak. Horren adibide da Maisuenea Jaialdia. Sakanako bederatzi tekno DJk mustu zuten jaialdia duela bi urte. Iaz zortzi musikari animatu ziren. Aurten, berriz, gora eginen du parte-hartzaile kopuruak: bederatzi lagun igoko dira oholtza gainera. Altsasuarrak dira gehienak: DJ Ana Bea, DJ Anaklet eta DJ Sevi beteranoen hirugarren jaialdia izanen da eta DJ Sakamoto eta DJ Finoren bigarrena; DJ Vagok, berriz, lehen aldiz hartuko parte du. Etxarri Aranatz, Uharte Arakil eta Urdiaindik DJ bana joanen da: DJ Aiert eta DJ Betelu hirugarren aldiz doaz Olaztiko jaialdira; DJ Artola, berriz, lehen aldiz. Arratsaldeko 20:00etatik hasita, bakoitzak ordu bete izanen du bere ekarpena egiteko. Euren lana ezagutarazteko aukera ona dute Sakanako DJek.Orain arteko edizioetan izan diren DJ Jurgik eta DJ Beregañak ezin izanen dute parte hartu. Parte-hartzaileakDJ Aiert (Etxarri Aranatz)DJ Sevi (Altsasu)DJ Sakamoto (Altsasu)DJ Ana Bea (Altsasu)DJ Vago (Altsasu)DJ Betelu (Uharte Arakil)DJ Fino (Altsasu)DJ Anaklet (Altsasu)DJ Artola (Urdiain)Gaztetxearen XV. urtemugaOlatzagutiako Maisuenea Gaztetxeak 15 urte bete ditu maiatzean. III. Maisutekno Jaialdiarekin amaituko dira urtemuga ospakizunak. Bi hilabetetan jarduera ugari izan dituzte Olatzagutiako Gaztetxean: kontzertuak, bazkariak, urtemuga eguna, okupazio eguna, hitzaldiak, antzerkiak, manifestazioak eta abar. "Oso pozik gaude antolatutako egitarauarekin. Balorazioa ezin hobea da, jendeak jarduera guztietan parte hartu du eta" esan digu Aritz Barandiaranek.Ospakizun batetik atera eta dagoeneko hurrengoan pentsatzen hasi da Olaztiko Gazte Asanblada. Udarako eta herriko festetarako jarduera ugari iragarri dituzte.