Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakana Bizirik plataformari deiari erantzunez jendea poliki bildu zen domekan frontoian. Beheko harmaila guztia bete zuten entzuleek, baita antolakuntzak kantxan jarritako aulki gehienak ere. Bildutakoak hizlarien jarduna segitzeaz gain, galderak ere luzatu zizkieten. Hondakinen kudeaketa hobearen aldeHitza hartzen lehena Enric Dalmau Ezkerra izan zen. Greenpeaceko kidea eta Bartzelonako Montcada i Reixac herriko porlandegiko errausketa egitasmoaren kontrako plataformako kidea. Dalmauk salatu zuen administrazioak jartzen dituen emisio mugak ez direla osasunean oinarrituta hartzen, baizik eta irizpide ekonomikoetan oinarrituta. "Kontuan hartzen da noraino ordaindu dezakeen industriak babestu gaitzakeen teknologia bat". Gauzak alderantziz egiten ari direla esan zuen Dalmauk: "osasun eta toxikoen dispertsioaren eta gugan duen eraginaren azterketak egin eta horren arabera emisio-mugak jarri beharko lirateke".Bestalde, salatu zuen emisio mugek toxiko mota batzuei bakarrik eragiten diela, "kontrolez kanpo uzten baititu toxiko familia handi bat eta haiendako ez dago inolako erregulaziorik". Greenpeaceko kideak hondakinen tratamendurako politika berria eskatu zuen. Egungoa, hondakin politikaren bukaera erraustegia izatea, ez zuen egokitzat jo. "Hondakinen zikloa itxi behar da, jasangarriagoa egiteko". Jakinarazi zuenez, "estatuan barna porlandegietan erraustearen kontra makina bat plataforma sortu dira". Mobilizaziorako deia egin zuen. ZailtasunakMiquel Crespo i Ramirezek, ingurumen arloko teknikaria eta hondakinetan aditua, lehen-lehenik nabarmendu zuen erraustea legezkoa dela. "Baina ez da ziurra". Zenbait arazo nabarmendu nahi izan zituen. Horietako bat hondakinen kudeaketa ereduak eta aplikazioa dira: "industria jarduera garbiak sustatzeak diru inbertsioak eskatzen ditu eta ia inork ez ditu bere gain hartu nahi. Horrek gero hondakinen tratamendu mota bat edo beste eskatuko du. Erraustea inbertsioak egitea baino merkeagoa da". Ekoizpen prozesu garbiagoen alde egin zuen Crespok. Erraustea arautua dago eta eraginak murrizteko neurriak zehaztuta daude. Baina hor gatazka gaiak daudela ziurtatu zuen. Erraustean elementu metaliko eta organikoak igortzen direla esan zuen, "kopuru txikian, baina ingurumenean eragin handia dute". Emisio muga eta osasunari kalte egiten dion muga non dagoen eztabaida dagoela azaldu zuen Crespok. "Osasun aldetik ez dago kalterik sortuko ez dela ziurtatuko duen segurtasun mugarik". Bestalde, emisio kontrolak baliokotzat jotzearen inguruan kezka azaldu zuen Crespok. Erraustegiaren urte guztian egiten dituen emisio guztien %0,5a besterik ez dela kontrolatzen zehaztu zuen. "Jarduera batek duen arriskua edo inpaktua baloratzeko hori ez da nahikoa, %20-25a izan beharko luke".Errausketa prozesuaz azaldu zuen "teorian, baldintza jakin batzuetan" labean sartu dugun kutsatzaileen haustura kimikoa gerta daitekeela. Bestetik, emisioak: "ezin da eragotzi kutsatzaileen zati batek ihes egitea. Filtroen bidez zenbat geldiarazi dezakegun eta sustantzien errekonbinazioa dira eztabaida sortzen dutenak". Crespok azaldu zuenez, "hondakinak labean sartu ondoren legeak zehaztutako emisio maila betetzea dute helburu eta ez hondakinak benetan desegitea. Legea betetzen dute, baina baita ingurunean eragin ere". OsasunaOsakidetzako mediku den Julia San Jose errausketak osasunean dituen ondorioez hainbat datu eman zituen. San Josek nabarmendu zuenez, "enpresen kutsadura aire kutsadurarekin lotzen dugu eta asma eta alergiekin. Berriki bihotzeko gaitzekin lotu dituzte enpresa mota batzuk isurtzen dituzten mikro-partikulak". Esposizio denbora luzeaz ohartarazi zuen. Erregai berriak erabiliz gero, horiek zein eragin izan ditzakeen azaldu zuen eta nabarmendu zuenez, arriskutsuena "erretzeko hondakinak nahastea da. Labe batean elementu ezezagunak, proportzio ezezagun batean sartzea eta erretzea. Beroak sortzen ditu toxiko horiek". Sortzen diren elementu guztietarako filtrorik ez dagoela azaldu zuen.