Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Festen ondoren, heldu den asteazkenean, dimisioa emanen dute Olatzagutiako Ruben Garcia alkateak eta bere taldeko lau zinegotziek, Sergio Gastaminzak, Javier Gilek, Jone Aierdik, Nico Cruzek, Olazti Baiko beste kide batzuekin batera. Kultur etxea txiki utzi zuen jendetzaren aurrean dimisioa emateko arrazoiak azaltzen zituen komunikatua irakurri zuten. ArrazoiakOlazti Baiko kidek aitortu zutenez, "ez dugu gure helburua lortu. Herriko bizikidetza hobetu nahi izan dugu eta ezin izan dugu, ez digute utzi". Dimisioa emanen duten hautetsiek azaldu zutenez, "festak hasteko bi egunetara egoera oso gatazkatsu batekin opatu gara. Duela urte batzuk gustuko ez genuen egoera, herria zatituta egotea". Olazti Baiko hautetsiek esan zutenez, "egoera honekin ezin dugu gehiago" eta gaineratu zutenez, "ez gara aurrera egiteko gai sentitzen, ilusiorik gabe gaude, bakarrik sentitzen gara, arrazoirik gabe erasotuak, eskatu zaigun guztian kolaboratu dugun sektore batengatik boikoteatuak, zatitu eta manipulatu beste helbururik ez duten akusazioak eta baieztapenak egiten dituen beste kolektibo batengatik presionatuak". Azkenik, dimisioa emanen duten hautetsiek barkamena eskatu zioten "Olaztiko herriari aurreikuspenak ez betetzeagatik eta bozka eman zigutenei haien konfiantzari huts egiteagatik". Familia, bikote eta lagunendako esker oneko hitzak izan zituzten. Bukatzeko, Olazti Baiko hautetsiek "zoriondu" egin zituzten "demokraziaz ulertzen dugunetik urrun dagoen estrategia erabiliz, hautestontziak irabazi gabe, haien helburuak lortu dituztenak". NaBairen salaketaKoalizioak adierazi zuenez, "bizi dugun egoera politikoaren aurrean, gogorarazi nahi dugu bide soilik politikoak erabiltzea berarekin batera dakarrela pertsonekiko eta haien jarduera politikoekiko errespetua". Horregatik, NaBaik salatu du "zinegotzi hauek jasan duten jazarpena eta presioa". Koalizioaren iritziz, "jarrera horiek pasatako gertaerak gogorarazten dute". NaBaik ohartarazi zuenez "diferentzia politikoa onartu eta errespetatzeko gai ez direnen aurrean gure jarrera politikoetan sendo mantenduko gara". Koalizioak Sakana eta Olatzagutiarekin bere "konpromiso politikoa" azaldu du, "herritarrendako onena lortzeko lan egiten jarraituko dugu". Aldi berean, NaBaik dimisioa emanen duten zinegotzien erabakiari errespetua azaldu dio. Udalaren egoeraFesten ondoren, asteazkenean gauzatuko da Olazti Baiko hautetsien dimisioa. Zerrenda horrek lortu zuen azken udal hauteskundeetan boz gehien, 432, eta horrela bost zinegotzi eskuratu zituen. Udala ezker abertzaleko hiru zinegotzik eta alderdi sozialistako beste batek osatzen dute. Olazti Baiko zinegotziek dimisioa eman eta gero, eta ordezkorik sartzen ez bada, udalean lau zinegotzi geldituko dira. Hau da, udalaren erdia baino gutxiago. Beraz, kudeaketa batzorde bat sortu beharko litzateke. Hura gelditzen diren zinegotziak eta bajak betetzeko izendatutako herritarrek osatuko dute. Horiek aukeratzen Nafarroako Gobernuak parte hartuko dezake. DimisioakLegegintzaldi honetan Olatzagutiak hiru alkate izan ditu. Hautestontziek Iñaki Mentxaka jarri zuten alkatearen aulkian. Hark iazko irailaren 18an dimisioa eman zuen. Bere ordez kargua Epi Marinek hartu zuen, iazko urriaren lauan eta abenduaren 17an dimititu zuen. Ruben Garcia alkate kargua otsailaren 4an hartu zuen.