Umorea festen aitzindari

Guaixe 2010eko uztailaren 23a

Bihar emanen diote hasiera 2010eko Olaztiko festei. Suziriari aurreratuta, olaztiarrak festa giroan murgildu daitezke gaurtik. Udalak antolatuta, Jaime Ocaña umoristak eta Losdelgas taldearen rock and roll ganberroak bat eginen dute umore gauean. Festak umoretsu hasteko aukera ona. LosdelgasRock and rolla eta letra umoretsuak. Horiek dira Losdelgas taldearen osagai nagusiak. Musikari paregabeek osatzen dute Errenteriako taldea, baina ez dira musika ona egitera mugatzen. Musika kontzertu hutsetik haratago, ikuskizuna eskaintzen dute.Udaberrian argitaratu dute azken diskoa, Repoker de gases. Ohi dutenez, zenbait musikari eta artisten laguntza izan dute: Despistaos taldeko Dani, Unax Ugalde, Soziedad Alkoholikako Juan eta Javier Gurrutxaga, besteak beste. Taldearen izaerari eutsiz, bat egiten dute musika onak eta txantxak. Rock and rollaren oinarrian, ironiaz beteriko abestiak egin dituzte: Feisbuk, De yogurt a cuajada edo Si fuese picolo, adibidez. Kontzertuan euren abestiak gustuko taldeen bertsioekin tartekatuko dituzte. Esaterako, Barricada, AC/DC, Pink Floyd eta Orquestra Mondragonen bertsioak egiten dituzte. Jantziak eta keinuak abesti bakoitzera egokituko dituzte. Losdelgas zuzenean entzuteko taldea da eta horretarako aukera dugu gaur gauean Olatzagutian. Ocañaren umoreaJaime Ocañak osatuko du umore gaua. Kritikoek hitz onak baino ez dituzte Jaime Ocañarendako: aktore paregabea, irudimen handikoa, hizlari ona, argia eta zorrotza da. Ateraldiz jositako ikuskizun umoretsua eskainiko du gaur iluntzean, "La escucharada sopera" izenekoa. Festak bete-beteKultura eskaintza zabala dute olaztiarrek herriko festetan. Larunbatetik asteartera, musika eta kale ikuskizun ugari izanen dira. Eztarria bustitzeko, Gasteizko big band eta Santiago Campillo eta The electric band izanen dira larunbatean. Igande eguerdian, Zangotzako bandaren txanda izanen da. Arratsaldean, berriz, Potxin eta Patxin pailazoek haurrendako ikuskizuna eskainiko dute. Astelehenean, Mexikoko musika ekarriko du Miguel Angelen mariatxi taldeak. Arratsaldean, antzerkia, zirkoa, umorea eta klowna uztartuko dituzte El negro y el flaco bikoteak, Giramondo ikuskizunean. K de calle taldearen Kaña ikuskizun piroteknikoak itxiko ditu Olaztiko festak, asteartean.