Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Errausketa egitasmoaren kontra dagoen Sakana Bizirik plataformak Cementos Portland enpresari leporatu dio olaztiarren artean "bizikidetza kinka larrian" jartzea. Sakana Bizirik-ek baieztatu duenez, enpresak errausketa jarduera martxan jartzeko "udalarengan eta langileengan izugarrizko presioa" egiten ari da, "olaztiarren nahiaren eta udal araudiaren gainetik pasa nahi duelako". Plataformak horren adibide gisa jarri du lantegiko zuzendaritzaren adierazpenak, "lantegia kutsatzailea dela dioen langilerik ez dutela ametitzen". Sakana Bizirik plataformak gogorarazi du "ideologia eta sentsibilitate anitzeko pertsonez osaturik" dagoela eta "asanblada eta erabaki hartzeetan nahi duen edonork parte hartu dezakeela". Horietan oinarrituta lanean jarraituko dutela gaineratu du. Plataformak nabarmendu dutenez, "alkatetzaren talde inguruko pertsonak ere bertan ari dira lanean". Olazti Bairen baitan "errausketa egitasmoaren inguruan dauden iritzi ezberdinek eta desadostasunek eta hauek gertatutakoan izan duten eragina" nabarmendu ditu plataformak. Sakana Bizirik-ek aurrera daraman lana "ustezko presioekin nahasi" beharrean, plataformaren ustez "askoz ere zintzoago litzateke dena argi esatea". Sakana Bizirik plataformak adierazi duenez, errausketa egitasmoaren inguruan "hartutako erabakiak, adostutako protokoloak eta indarrean dagoen araudia errespetatzea funtsezkoak dira egoera honi aurre egiteko".