PSNren ustez "arduren utzikeria" da

Guaixe 2010eko uztailaren 29a

Asteazkeneko bilkuran PSNko zinegotzi Angel Sanzek adierazi zuen Olatzagutian NaBai "pertsona zintzo eta dezenteen errespetuari huts egin" diola. Hautetsi sozialistaren iritziz NaBairen "ezgaitasuna eta koldarkeria politikoak udalak olaztiarrei zerbitzu onak eskaintzea eragozten ari da". Hiru alkatek dimisioa eman dutela gogorarazi eta gero Sanzek adierazi zuenez "argi gelditu dira gobernu taldearen ahultasuna, barne gatazka handiak eta herria gobernatzeko heldugabetasuna. Ez dute lan funtzionamendu eredu egonkor, ez erreal ez eraginkorrik". Zinegotzi sozialistaren ustez, "horrek herritarrekiko konpromisoen eta haien arduren utzikeriaren adibide nabarmena" dela. Mehatxuez Angel Sanzek nabarmendu zuen dimisio emaileek "beldurragatik, eta haiek aitortu dutenez, elkartu direnen mehatxuengatik utzi dutela erakundea". Berak legegintzaldi hasieratik presioa, mehatxuak eta abar jasaten ari dela gaineratu zuen, "baina herriarekiko konpromisoagatik" segitzen duela nabarmendu zuen. Sanz sozialistak aitortu zuenez "Olatzagutia herri zaila da, baina gobernagarria". PSNko zinegotziak, azkenik, NaBaiko arduradunei "haien planteamenduetan argitasuna" eskatu zien: "egun batean ETAren ingurunearekin lotura iraunkorrak iragartzen dituzte eta, hurrengo egunean, koalizioko kideek erakundeetako ardurak uzten dituzte, elkartu diren pertsonekiko beldurragatik".