Dena prest IV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketarako

Guaixe 2010eko irailaren 24a

Olaztiko Sutegi klubak antolatuta, bihar, irailaren 25ean, larunbatarekin, jokatuko da IV. Olatzagutia-Urbasa mendi lasterketa. Sutegik Olaztiko Udalaren, Nafarroako Mendi Federazioaren eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntza eta hainbat eta hainbat enpresa eta komertzioren babesa izan du proba antolatzeko garaian. 309 korrikalari daude izena emanda, iaz baino 70 gehiago, probak duen arrakastaren isla, eta guztiek bihar goizeko 10:00etan hartuko dute irteera Olaztiko kale nagusitik. Tartean korrikalari sakandar asko daude. "Sekula  baino sakandar gehiago daude. Mendizaletasuna handitzen ari da eta pozgarria da, gure helburuetako bat hori baita, mendizaletasuna sustatzea" adierazi zuen antolakuntzako Mikel Agirrek Beleixe irratian. Olaztiko proba bi txapelketetarako puntuagarria da. Alde batetik Euskal Herriko Mendi Lasterketen Koparako laugarren eta azken proba puntuagarria da, Aramotz, Orozko eta Zumaiakoen segidan. Hortaz, Olaztin erabakiko da Euskal herriko Kopa. Eta, bestetik, Nafarroako Koparako baliagarria da, dagoeneko jokatu diren Bera, Izaba eta Uharte Arakilgo km bertikalarekin eta Etxarriko ferietan jokatuko den igoerarekin batera. Lehen zatia, gogorrenaOlatzagutia-Urbasa 23,2 km-ko proba da, 1367 metroko desnibel positiboa duena eta zailtasun ertainekoa. Urbasa-Andiako paraje ikusgarri eta gogorretan barna gauzatzen da proba, eta iritsiko diren punturik altuena Tontorraundi da, 1157 metrokoa. Hain zuzen ere probako lehen zati hori da gogorrena, korrikalariei ahalegin gehiena eskatzen diena. Antolakuntzak hornidurarako lau gune prestatu ditu ibilbidean barna, korrikalariek zer jan eta zer edan izan dezaten, eta horretaz gain denbora kontrol guneak izanen dira. Proba jarraitzeko edozein toki da polita, baina Urbasako informazio gunearen aurrealdeko paraje hori, Urbasako portuko tontorra, toki egokiena da, korrikalariak sarritan pasatzen baitira bertatik. "Lehendabiziko igoeran bertatik pasatzen dira, eta gero, 300 metro barnealdera sartuz gero ikusten dira nola jaisten diren Morterutxotik eta nola abiatzen diren Bargagainera, eta gero ikus daiteke nola pasatzen diren berriro Ziordia aldera. Hori da, agian, proba segitzeko punturik aproposena, baina politena ziurrenik lehendabiziko zati gogor hori da, korrikalariak banan-bana ipar gailurrerian gora nola aritzen diren ikustea" zihoen Mikel Agirrek Beleixen, Olaztiko irteera ikusi eta segidan portura igotzea gomendatuz.   Iaz sekulako erakustaldia eman zuen Aitor Osak (1:50:04), Pedro Jose Hernandez bigarrenari bi minutu pasa atereaz (1:52:16), baina ez zuen lortu Zuhaitz Ezpeletak ezarritako errekorra (1:45:59) gainditzea. Helmugan bosgarrena sartu zen Angel Arrieta izan zen lehen sakandarra (1:57:17). Emakumezkoetan Nerea Amilibia gailendu zen (2:17:42), Maitane Txueka arbizuarrari ia 9 minutuko aldea aterata (2:26:13). Nerea Amilibiarena da, hain zuzen, emakumezkoen errekorra (2:17:42). Ea edizio honek zer ekartzen duen. Bestalde, proba eta gero Olaztin bazkaltzeko aukera dute korrikalariek. Horretarako 639 294 372 telefonora hots egin behar dute. SariakTxapeldunek: 300 euro, garaikurra eta txapelaBigarrenek: 150 euro eta garaikurraHirugarrenek: 100 euro eta garaikurraLaugarrenek: 50 euro Lehen beteranoek: garaikurra23 urtez azpikoek: lehenek, bigarrenek eta hirugarrenek garaikurraBukatzen duten parte hartzaile guztiek opari poltsa jasoko dute. Horretaz gain Urbasako 10 gazta banatuko dira, zozketan, korrikalari guztien artean. Sari banaketa 13:30ean izanen da helmugan.www.olatzagutia-urbasa.netProbaren informazio guztia. IbilbideaOlaztiko kale nagusitik abiatuta, Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko du lasterketak (Tontorraundi-1157m). Zati hau da gogorrena, harkaitz arteko malda gogorrenak dituena. Hortik ekialderantz jarraitzen du eta Altsasuko portugainetik (1150m) pagadia zeharkatuz Morterutxo izeneko saroiraino jaisten da (890m). Puntu honetan Urbasako parke naturaleko Mendizaleen ibilbidearekin bat egin eta honi jarraituz Zelai handi izeneko parajeraino igoko da berriz (1113m), hortik mendebaldera iparraldeko malda zorrotzeko xendatik Bargagaineko gurutzeraino eta Altsasuko portugainetik berriz Morterutxora. Segidan Urbasako mendate muturreraino (885m) eta hortik gailurreriatik Entzia aldera Gainsoilera (1068) igo eta Ziordiko portugainetik pasatuz Ordotzeko putzuraino jaisteko. Hortik aurrera beheruntz joko dute, Jakusorora heldu arte, eta hortik berriz Urbasako portugaineraino. Aldapa behera zorrotzetik Olaztiko helmugaraino iritsiko dira.