Ez udalik, ez idazkaririk

Guaixe 2010eko urriaren 18a

Alkatearen eta lau zinegotziren dimisioak Olatzagutiako Udalaren jarduna geldiarazi bazuen, egoera are gehiago okertu da hilaren 13tik aurrera. Ordura arte herriko idazkaria zenak bere postua utzi zuen beste herri batean plaza lortu duelako. Gauzak horrela, udal langileek olaztiarrek egindako eskaera eta baimenak hartu eta tramitatzen dituzte. Kontratuekin gauza bera gertatzen da. Baina agiri  horiek guztiak, udal agintari baten sinadura baten falta dutenez, tramite hutsean gelditzen dira. Hala, obra baimenak eta bestelakoak daude pilatuta. Langileei ere eragiten die egoerak, haien nominak sinatuko duenik ez baitago. Langileak Toki Administrazio Departamentuarekin harremanetan daude, baina han ere argibide gutxi jaso dute, halakorik sekula ez delako gertatu. EgoeraUztailaren 28an Olazti Baiko alkateak eta lau zinegotzik dimisioa eman ondoren Olatzagutiko Udalean gaur egun lau zinegotzi besterik ez daude: EAE-ANVren zerrendan aurkeztu ziren hiru zinegotzi eta PSNko bat. Astelehenean argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Olatzagutiko Udaleko Kudeaketa Batzorderako hautagaiak aurkezteko deialdia. Interesa duten olaztiarrek azaroaren 11ra arte dute udaletxean edo Iruñean (Nafarroako Gobernuaren erregistroan)  izena emateko aukera. 20 egun horien ondoren, hautagaien izenak Hauteskunde Batzorde Zentralak jasoko ditu. Oniritzia eman beharko die. Batzordeko kide izendatuko lituzkete. Izendapena egin eta hiru egunera udala osatu beharko litzateke. Bere lehen egitekoak alkatea aukeratzea eta behin-behineko udal idazkari plaza betetzeko deialdia egitea lirateke. Prozedura horrek bi hilabete eman ditzake.