Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz asteartean Soto del Real espetxean sartu zuten Imanol Salinas Ijurko, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Imanol Salinas Ijurko aurreko ostiralean atxilotu zuen Espainiako poliziak Olatzagutian. Harekin batera, Hego Euskal Herrian eta Katalunian beste 13 gazte atxilotu zuten. Guztiei ere Segiren zuzendaritza berriz osatzea leporatu diete. AtxiloketaOstiral goizaldean atxilotu zuten Salinas. Poliziak gaztea atxilotu eta etxea miatu bitartean Kale Nagusiaren zati bat itxita izan zuen. Lanera joan behar zuten langile askok topo egin zuten poliziaren operatiboarekin. Bi ordu inguru egon ziren poliziak Olatzagutian. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, atxilotuak inkomunikaturik egon diren aldian fisikoki eta psikologikoki torturatuak izan dira. Grande-Marlaska epaileak uko egin zion torturaren aurkako protokoloa ezartzeari.Atxilotuen senideak, bestalde, Arartekoarengana jo zuten. Ez zuten Javier Enerizekin biltzerik izan, baina bai haren bi kiderekin. Tortura "sistematikoaren" aurrean begiak ez ixteko eskatu zioten. AAMk nabarmendu duenez, "Euskal Herrian ematen ari diren urrats politikoen aurrean Espainiako Gobernuak errepresioaren aldeko apustu itsuan jarraitzen du". AAMk gaineratu duenez, "errepresioaren bidez gure herrian abian jarri dute prozesu politikoa ekidin nahi dute". Eta azpimarratu du prozesua "bururaino eramateko errepresioa gelditzea beharrezkoa" izanen dela.