Portlandek biomasa erretzeko tramiteak hasi ditu

Guaixe 2010eko azaroaren 5a

Ingurumen Departamentura jo du Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresak. Olatzagutiko porlandegian biomasa (baso lanetako hondakinak) erretzeko Ingurumen Baimen Bateratuan (IBB) aldaketa txiki bat egitea eskatu du. Enpresatik azaldu digutenez, "ez da ingurumen baimen ikerketarik egin behar. Aldaketa esanguratsua da baina ez funtsezkoa, pet cokerako egun ditugun emisio mailetan sartzen delako". Porlandegiko giza baliabideetarako arduradun Pablo Isturizek azaldu digunez, "udalari jakinarazi genion moduan, biomasa hasiera besterik ez da, baina ez da nahikoa". Isturizek azaldu duenez, biomasak egun kontsumitzen den pet cokearen %3 edo %4 ordezkatuko luke. "Hori ez da nahikoa". Isturizek jakinarazi digunez, "ondoren IBB berri bat eskatu behar da, hondakinetatik sortutako erregai alternatibo zabalagoak hartuko dituena". Horretarako ingurumen eragin ikerketa egin beharko litzateke. Bideragarritasuna Porlandegian argi dute: "hondakinak balioztatu beharra dugu lantegia bideragarria izateko, bestela etorkizuna ez dugu bermatuta". Porlandegiko zuzendaritzak "kontsentsua" bilatu duela adierazi du, baina "bi urte emaitzik gabeko gestioak egin ondoren, akordiorako aukerak agortu dira. Gure bidea egin behar dugu". CPV taldearen eta haren matriza den FCC multinazionalaren ildo estrategikoa balorizazioa da. Ingurumen eta ekonomia argudioak ematen dituzte horretarako. Ekonomiari dagokionez, porlandegitik esan digute pet cokearen prezioaren menpekotasun txikiagoa lukeela beste hondakin batzuk erregai gisa erabiliz (100 €/tona gaur egun, baina etorkizunean aurreikusten da 150€/tona).Bestalde, klima aldaketaren aurka borroka egin eta CO2 isuriak murriztuko liratekeela ziurtatu dute porlandegitik. Gaineratu dutenez, Kiotoko itunaren ondoren, "2013tik aurrera, balioztapenaren bidez isuriak murrizten ez baditugu, CO2 isurtzeko eskubideak merkatu librean erosi beharko ditugu, salneurri astronomikoetan". Porlandegitik nabarmendu dute hondakinen balioztapena estatuan, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan 25 urte baino gehiagoko ibilbidea duen jarduna dela. Inbertsioak Porlandegitik jakinarazi digutenez, "merkartua motelaldian dago, prezioek behera egin dute eta Olaztiko egungo salmentekin ez dugu ekoizpen gaitasunaren %50 ere betetzen". Egun dauden porlandegiendako merkaturik ez dagoela ziurtatu digu Isturizek. Gauzak horrela, CPVk iaztik balioztapena moduko gaiekin lotutako inbertsioak besterik ez ditu egiten. CPVk balioztatzeko baimena duen tokietan ari da inbertsioak egiten. Olaztiko porlandegitik azaldu digutenez, hala egin dute edo egiten ari dira taldeko beste zazpi lantegietan. "Olaztikoan ez dago baimen bat edo ez dago inbertsio bat bera ere programatuta". Biomasa erretzeko azpiegituretan inbertsioa egitea ekarriko lukeela adierazi du Isturizek. Eta ziurtatu duenez, "CPVk ez ditu hondakinak kudeatuko, hornitzaileei erosiko lizkieke". Bestetik Isturizek nabarmendu du langile guztien eta enpresa batzordearen "erabateko eta baldintzarik gabeko babesa" duela balioztapenak, "ezagutzagatik eta, etorkizunera begira, enplegu bermerako".