Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzeko tramiteak hasi berri ditu enpresak. Iragarpen horrekin eta enpresaren jarrerarekin kezkatuta, Sakana Bizirik taldeak errausketaren inguruko informazio kanpaina eginen du. Taldetik jakinarazi digutenez errausketari buruzko argibideak ez dituzte soilik Olatzagutian emanen, Sakana guztira zabalduko dituzte, "lehen mailako arazoa baita". Sakana Bizirik-ek bihar emanen du abiatuko duen kanpainaren berri zehatza. Sakana Bizirik taldeko kideek kezka eta harriduraz ikusten ari dira ibarreko jendea eta udaletan Nafarroako hondakin planari eta han jasotzen den Nafarroako erraustegiaren kontra nola ari diren egiten. Sakana Bizirik taldearen iritziz, "Olatzagutikoari ez zaio garrantzirik ematen, baina Nafarroako erraustegia baino okerragoa da. Porlandegiak porlana egiteko prestatu ziren, erraustegiak, modernoagoak direnak, errausteko daude prestatuta". Bata eta bestearen funtzioez gain, beste hainbat argudio ere eman dituzte Sakana Bizirik taldekoek porlandegian hondakinak erretzearen kontra azaltzeko. Eta horretarako Nafarroako hondakin planaren inguruan egon diren jardunaldietan aipatu diren argudio berak nabarmendu dituzte: "erraustegia herrietatik urrun aurreikusi dute, porlandegia Olatzagutiatik eta Altsasutik oso gertu dago. Gauza bera Urbasa-Andia eta Urdalurko urtegiarekin".