Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Cementos Portland Valderribas enpresak Olatzagutiko lantegian biomasa erretzeko baimena eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Sakana Bizirik plataformak "irmoki" salatu du jokaera hori. Haren ustez enpresak ez duelako emandako hitza bete. Plataformak salatu duenez, enpresak jarduera berriak sakandarren eta Udalaren onespenarekin jarriko zituela esan zuen. Sakana Bizirik-en ustez "inork ez du errausketa jarduera nahi" eta hura "ezartzeko borroka eta inposizio bidea aukeratzea ez da inorendako ona izanen".Larria Plataformaren iritziz "Sakana eta Nafarroa osorako arazo larri baten aurrean gaude, hemen hasiko baita gure herrialdeko lehen hondakin errausketa". Sakana Bizirik-en iritziz "gure osasunarendako eta gure eskualdeko garapenerako oso arriskutsua eta kaltegarria den jarduera bat porlan ekoizle eta hondakin kudeatzaile den multinazional baten (FCC) esku uztea litzateke". Herriak, natur parkea eta Urdalur urtegia porlandegitik gertu daudela ere azpimarratu zuen. Plataformak salatu du errausketa "berreskurapena eta birziklatze bezalako hondakin kudeaketa ereduen kontrakoa" dela. Horrekin batera, Sakana Bizirik plataformak eskatu du errausketarako baimenik ez emateko. Larunbatean plataformak aurreratu zuen gizarte eragile eta erakundeen inplikazioa bilatuko duela. Horrekin batera, mobilizazioekin bukatuko den hainbat ekintza egiten ere hasiko dela iragarri zuen.