Portlandeko enpresa batzordeak balorizazioa eta inbertsioak eskatu ditu

Guaixe 2010eko azaroaren 15a

Olaztiko porlandegiko Enpresa Batzordearen gehiengoak (UGT 4 eta CCOO 3. ELAk eta LABek bana dute) erabaki du "gure etorkizunaren alde gogor borrokatzea". Horrek ezinbestean balioztapena eta inbertsioak eskatzen ditu". Horregatik, Nafarroako Gobernuari egindako eskaera.Enpresa Batzordeko gehiengoak adierazi zuenez, "gure lantegiak etorkizuna izatea nahi dugu eta, jakin badakigu, horretarako ingurumen araudi eta helburu berrietara egokitu behar dugula". ArrazoiakUGT eta CCOOko kideek azaldu zutenez, Kiotoko akordioen ondoren, 2013tik aurrera, "CO2 isuriengatik ordaintzen hasi beharko da. Baina erregaia balioztatua bada, isuriak murriztu eta, gainera, saritu egiten dira. Horrek ekoizpen kostuak jaistea ekarriko du".  Bi sindikatuetako ordezkariek azaldu zutenez, "isurietan eraginkorrak diren lantegiak soilik izanen dira ekonomikoki lehiakorrak eta errentagarriak etorkizun hurbilean". Hondakinen balioztapena egiteko porlandegian inbertsio batzuk egin beharko lirateke, "etorkizunerako berme direnak". Porlandegiko langileen hiru laurdenak sakandarrak direla gogora ekarri zuten UGT eta CCOOko kideek: "gu gara gure eta gure familien osasuna zaintzen lehen interesatuak". Hondakinen balioztapena, "segurua, garbia eta eraginkorra" dela ziurtatu zuten. Aldi berean, hori ziurtatzen duten hainbat datu eta ikerketa daudela baieztatu zuten. Kontrako kanpainaEnpresa Batzordeko gehiengoak adierazi zuenez, "balioztapena eta errausketa konparatuz nahasmena sortu nahi duen kanpaina dago". Prozesu ezberdinak direla nabarmendu zuten. UGT eta CCOOko kideek ziurtatu zutenez, "balioztapena hondakinen errausketaren alternatiba da. Zabortegietan edo erraustegietan ingurumenarendako kaltegarriak diren hondakin jakin batzuk birziklatzeko beste modu bat da". Gainera, erregai fosilen kontsumoa eragotzi eta hondakinak porlana egiteko prozesuan neutralizatzen direla nabarmendu zuten. Gehiengo sindikalak esan zuenez, "porlana oso kontrolatua dagoen produktu bat da, beraz, porlandegi bat ezin izanen da inoiz erraustegi bihurtu". ELASindikatu hori Enpresa Batzordearen gehiengoak hartutako akordioarekin ez du bat egin. ELAk zabaldu duenez, zuzendaritzarekin izandako azken bileraren ondoren, "egungo egoera  ez da zabaltzen ari zen bezain alarmista. Bai kezkagarria, merkatuaren egoeragatik". ELA sindikatuaren iritziz "enpresak nahikoa bitarteko ditu bere interesak defendatzeko. Langileek ez dute gudu horretan sartu beharrik". Horregatik, ELAk ez ditu egoki ikusi Enpresa Batzordeak mobilizazioak eta sinadura bilketak hastea, "hori langileek erabaki behar dute, ez batzordeak". ELA sindikatua egoerarekin "kezkatuta" dago. Balioztapenerako behar dituen baimenak lortzeko enpresak hasitako bideari ez dio kontra eginen sindikatuak, "dagozkion legeak betetzen badira eta herritarren eta langileen osasuna bermatzen bada".Datuak172 langile. 145 Olatzagutian%45-50ean lanean. Erritmo horretan ari dira gaur egun. 550.000 tona inguru ekoitziko dira. Heldu den urterako %10-15eko jaitsiera aurreikusten da. Estatuan 36 porlandegi. 29k hondakinak balioztatzen dituzte edo horretarako baimena dute. Cementos Portland Valderrivas taldean salbuespena da Olaztikoa.Informazio batzarraren ondoren 80 bat langilek kontzentrazioa egin zuten, ostiralean.