Sakana Bizirik estatuko koordinadoraren bileran

Guaixe 2010eko azaroaren 23a

Asteburuko jardunaldietan Toledon bildu dira porlandegietan hondakinak erretzearen kontra dauden 11 plataforma, Sakana Bizirik plataforma barne. Haiekin batera  hainbat erakunde ekologista izan ziren. Guztiek estatuko koordinadora osatzen dute. Eta helburua "indarrak batzea, hondakinen errausketa salatu eta ingurumenarekin errespetagarriagoa den hondakinen kudeaketa eskatzea, herritarren osasuna arriskuan jarriko ez duena" da. EskaerakAsteburuko jardunaldien ondoren koordinadorak bost eskakizun egin ditu. Lehenik, porlan fabriketatik hondakinen errausketa kentzea. Horretaz gain, koordinadorak administrazioei hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzea oinarri duten aukerak bilatu eta garatu ditzatela eskatu die, horretarako beharrezko lana eta finantzazioa jarriz. Koordinadorak administrazioei ere exijitu die errausketa baimenak emanez porlandegiak ez ditzatela hondakinen kudeatzaile pribatu bihurtu. Bestalde, alderdi politikoei haien hauteskunde programan porlandegietan hondakinak erretzearen kontra argi eta garbi azaldu daitezela eskatu die. Azkenik, koordinadorak herritarrei dei egin die, osasunaren defentsan, botorik ez emateko porlandegietan hondakinak erraustearen alde dauden alderdiei. ArrazoiakErrausketaren kontrako estatuko plataformak dio prozedura horrek ez dituela hondakinak suntsitzen, soilik eraldatu eta sakabanatu, isuri kutsakorrak sortuz. Horiek pertsonen osasuna eta natur baliabideak hondatzen dituztela salatu zuen. Bestalde, isuri horiek Europaren eta munduko hainbat erakunderen konpromisoak eta gomendioak ez dituztela betetzen nabarmendu zuten. Azkenik, gizartea kontra egon arren alderdi politikoek eta erkidegoetako eta estatuko administrazioek duten konplizitatea ere salatu zuen koordinadorak.