Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken hilabeteetan nahi baino isilago ibili ondoren, atzera ere, martxan jarri da Olaztiko kultur etxea. Bi antzerkirekin ohiko martxara itzuliko da. Motorrak berotzeko, gaur, 22:30ean, helduendako antzerki musikala izanen da. Igandean, 17:00etan, berriz, haurren txanda izanen da. Bi emanaldiak Nafarroako Antzerki Sarearen barruan kokatzen dira.Bidaia musikala 80ko hamarkadaraIlbeltzaren 21ean, ostiralean, 22:30ean, Olaztiko kultur etxean. Sarrera: 6 euro.Mugimendu handiko hamarkada izan zen 80koa. Frankismoa amaitu berri zela, askatasunaz baliatu nahi zuten gazteek. Lemoiz, drogak, gizarte gatazka, sexuaren hastapenak, Bilboko uholdeak, musika sormen handia... Garai hartakoak dira Barricada, Kortatu, Hertzainak, La Polla Records, Tahures Zurdos, Potato, Cicatriz, Eskorbuto...Urte horietara eramanen gaitu Iluna Producciones talderen Euskadi Tropical (los años del Rock Radical Vasco) komedia musikalak. Zuzeneko musikaz lagundurik, bidaia nostalgikoa egitera animatzen gaitu talde nafarrak. Drama eta umorea ederki uztartzen ditu gazte eta helduendako antzerkiak. Nafarroako zenbait antzokitan arrakasta handia lortu eta gero, bihar Olaztira iritsiko da antzezlana.Bihotzez opariaren bilaIlbeltzaren 23an, domekan, 17:00etan, Olaztiko kultur etxean. Sarrera: 3 euro. Sambhu klown taldeak Bihotzetik antzerki goxoa eskainiko du Olaztin. 90 urte bete behar dituen aitona da protagonista. Aitonak bizitza arrunta du gustuko eta tristeziaz begiratzen dio geroz eta gehiago konplikatzen eta zikintzen ari den munduari. Txuflo, Txispa eta Rigo aitonaren lagunek opari egokia aurkitu nahi dute aitonarendako, esperantza eta alaitasuna emango dizkion opari ederra, bihotzetik bihotzera iritsiko dena.Bihotzetik familia arteko ikuskizun komikoa da, 3 urtetik 80 urtera artekoendako egokia. Klown aktoreek pertsonaia xelebreak eta dibertigarriak lortuko dituzte eta haien abileziak erakutsiko dituzte: magia, zuzeneko musika, oreka, txotxongiloak eta abar. Emanaldiak istorio xamur eta dibertigarrian barneratuko ditu ikusleak.Sambhu teatro taldeak Irurtzunen eman zituen lehen urratsak 1989an. Zortzi urtez ikuskizun ederrak antolatu zituen Arakilgo herrian. Ondoren, Miranda de Argara aldatu zuen erresidentzia. Bertan, klown ikuskizun ederrak prestatu ditu eta Euskal Herriko, Espainiako eta Europako zenbait antzerki jaialditan parte hartu du.