Al-karajo Olatzagutian agurtuko da

Guaixe 2011ko urtarrilaren 28a

Lakuntzako Al-karajo taldeak agur esanen die bere jarraitzaileei. Hasiera batean, joan zen hilean eman zuen azken kontzertua Uharte Arakilen, baina Olaztiko Maisuenea Gaztetxearen eskaerari erantzunez, berriz ere oholtza gainera igoko dira. "Oraingoan bai, betiko agurtuko gara" ziurtatu du Kaixerrek. Lakuntzako taldeak 1994an hasi zuen ibilbidea herriko bajera batean. Egun, lau lakuntzarrek eta arbizuar batek osatzen dute taldea: Jokin Goikoetxeak, Joseba Lanzek, Kaixerrek, Butanek eta Erikek. Sortu eta berehala etorri zen taldearen maketa. Harekin batera, zuzeneko kontzertuak izan dira taldearen punk doinuak zabaltzeko modu nagusia. Euskal Herriko hamaika txoko bisitatu dituzte, esaterako, Bergara, Otsagabia, Falces, eta, nola ez, Sakanako herri gehienak. Batean eta bestean jarraitzaile andana izan dute. Finenak, nola ez, etxekoak, lakuntzarrak. Al-karajoko kideak musikari sutsuak dira. Hain zuzen, musikarekiko maitasunak bide ezberdinetik eraman ditu kideak. "Mikel Azpiroz Gatillazo taldean eta Erik Disturbio taldean hasi zenetik entseatzeko eta kontzertuetarako denbora gutxiago dugu. Azken bi urteetan oso kontzertu gutxi egin ditugu" azaldu digu. Horrela, Al-karajo taldearen ibilbidea ixtea erabaki dute. Jarraitzaileek taldeaz gozatzeko azken aukera izanen dute bihar, Olatzagutian. Bertara joateko deia egin die Kaixerrek. Punk gauaIruñeko El Trono de Judas taldeak osatuko du biharko kartela. Punk taldea dagoeneko klasiko bat da Nafarroa eta Euskal Herriko eszenatokietan. Horren adierazle dira 15 urteko ibilbide oparoa eta bidean argitaratu dituen diskoak. Iruñeko taldeak hainbat kontzertu eskaini ditu batean eta bestean. Aipagarria da Mexikon barna eginiko kontzertu bira. Bihar gauean, Iruñeko taldearen mezu iraultzaileak Sakanara iritsiko dira.