Jaialdi bikaina prestatu du bihar Olaztiko Gazte Asanbladak

Guaixe 2011ko otsailaren 18a

Iñaki eta Inaxio Perurena harrijasotzaileak, Nazabal, Beltza, Kañamares eta Lopez de Azpilikueta aizkolariak eta Olatzagutiko gazteen arteko herri kirolak izanen diraOlaztiko Gazte Asanbladak herri kirol jaialdi bikaina antolatu du bihar, otsailaren 19an, larunbatarekin, 19:00etatik aurrera Olatzagutiko udal pilotalekuan. Harri jasotzaile eta aizkolari profesionalak arituko dira, eta horretaz gain, herriko gazteen arteko herri kirol saio polita. Lehendabizi, aizkolariak ariko dira lanean. Floren Nazabal txapeldun etxarriar handiak Sakanako Aizkora Eskolan trebatu den Goizeder Beltza etxarriarrarekin osatuko du bikoa, eta Kañamares eta Lopez de Azpilikueta izanen dituzte aurkari. Enbor etzanak eta zutikako enborrak erdibitu beharko dituzte. Aizkoraz gain, zutikako enborren batean aitzurrak erabiliko dituztela adierazi digute Olaztiko Gazte Asanbladakoek. Bukatzeko, Kañamaresek motozerrarekin zurezko figura bat eginen du Maisuenea gaztetxerako. Segidan Perurena aita-semeak, Iñakik eta Inaxiok, harri-jasotze erakustaldia egingo dute, pisu ezberdineko harriekin. Eta bukatzeko, herri kirol konbinada proba eginen dute aurretik izena ematen duten olaztiar gazteek. Izena ematera animatzeko deialdia egin dute gazte asanbladatik. Halaber, urdaiazpikoa zozketatuko da.