Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kolectivo monstrenko taldeak Tenemos que hablar antzezlana eskainiko du gaur Olatzagutin. Gazte eta helduendako antzerki umoretsua Nafarroako Antzerki Sarearen barruan antolatu da. Antzerkiko protagonistak euren momentu onenean ez dauden hiru mutil dira. Hirurak elkarrekin bizi dira barne-lonja txiki, ilun eta heze batean. Argi-itzaletan, itxurakerian babestuta eta kanpoan dagoenarekin kontakturik gabe, euren gezurrak sinesteraino iritsi dira. Mikrokosmos honetan euren arautegi propioa sortu eta elikatu dute, itogarria izateraino. Debekatu egin dute erretzea, norbere bizitza kontatzea, sofan loak hartzea, ingelesez hitz egitea (ezta OK ere), beti arrazoia edukitzea, LTDz hitz egitea, mundua konpontzea... Eta, miragarria badirudi ere, ados daude lege horiekin. Hori da elkarbizitza aurrera eramateko eta aldi berean euren zentzugabeko pertsonalitateak bere horretan mantentzeko bide bakarra. Txubio Fernandez de Jauregik, Ion Elolak, Andres Bezaresek eta Jason Guerrak 2009an sortu zuten Kolectivo monstrenko taldea. Bi urteren ondoren haien lehen antzezlana batean eta bestean eskaintzen jarraitzen dute arrakasta itzelarekin. Ironia eta umore finezko antzezlanak kritika onak jaso ditu.