Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olaztiko Gazte Asanbladak antolatuta, herri kirol jaialdi ederra izan zen larunbat arratsaldean Olaztin. Udal pilotalekua guztiz beteta zegoela, aizkora, harri jasotze eta herri kirol proba konbinadak izan ziren eta baita motozerra erakustaldia ere. Jaialdi polita. Aizkora lanetan Floren Nazabal eta Goizeder Beltza etxarriarrek bikotea osatu zuten, Kañamaresen eta Lopez de Azpilikuetaren kontra egiteko. Enbor etzanak eta zutikako enborrak erdibitu behar izan zituzten. Kañamaresek eta Lopezek aurrea hartu zuten eta bazirudien irabazteko gai izango zirela, baina gutxinaka-gutxinaka hobeto moldatzen joan ziren etxarriarrak, aldea txikitzen, eta azkenean beraiek izan ziren lanak azkarren bukatu eta besoak jaso zituztenak. Tartean Iñaki eta Inaxio Perurenaren txanda heldu zen. Aitak erakustaldia eman zuen, harria nola jasotzen den azalduz eta teknikak esplikatuz, eta semea izan zen altxaldiak egiten aritu zena. Harri eta pisu ezberdinekin aritu zen, eta tartean 263 kiloko harria bizkarreratu zuen. Ikuskizun ederra izan zen. Motozerra eskuen artean hartuta Kañamaresek zurezko bi figura eder egin zituen Maisuenea gaztetxeari oparitzeko: lauburua eta EHko mapa egin zituen enbor batean, eta bestean onddo bat. Eta kirolekin despeditzeko, olaztiarren arteko herri kirol proba konbinadak izan ziren, oso lehiatuak. Baina ekitaldirik politena Axio Flores aizkolariari egindako errekonozimendua izan zen. Olaztiko Gazte Asanbladak Ziordian bizi den Jose Ignazio Flores aizkolari arbizuarrari "emandako laguntza guztia" eskertu nahi izan zion. "Beti prest egoten da halako jaialdiak antolatzeko, herri kirol probak edo dena delakoak daudenean haiek antolatzen laguntzeko" nabarmendu dute Olaztiko Gazte Asanbladakoek. Olaztiarren esker onaren erakusle, Floresek kamiseta, sira eta txapela jaso zituen opari, "jaialdiko txapelduna bera zela" entzunez. Floresek eskerrak eman zuen guztiagatik eta halako ekitaldiekin aurrera jarraitu behar zela nabarmendu zuen "gure kultura delako".