Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar Iskiza-Disnaval Bakarkako Txapelketa antolatu du Iskiza Sakanak Olaztiko Erburua kiroldegian, 10:30ean. Nafarroa, Zaragoza, Errioxa eta Arabako puntako gimnastak ariko dira. Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko taldeak primerako jaialdia antolatu du bihar, martxoaren 19an, larunbatean, Sakanan. Olaztiko Erburua kiroldegiak Iskiza-Disnaval bakarkako txapelketa hartuko du goizeko 10:30etik aurrera. Nafarroako, Zaragozako, Errioxako eta Arabako gimnasia erritmikoko klubek parte hartuko dute, Estatu mailan lehiatzen diren gimnastekin, eta mota guztietako aparailuekin ariko dira lanean. Horretaz gain, beste mota batzuetako dantzak ere ikusi ahalko dira. Iskiza Sakanak 7 gimnasta aurkeztuko ditu Iskiza-Disnaval Bakarkako Txapelketara. "Oso txapelketa polita izango da, maila oso altua delakoz. Puntako gimnasia erritmikoaz gozatzeko aukera izango dugu Sakanan bertan" adierazi du Iskiza Sakanako Amaia Olmo entrenatzaileak. Sakanako gimnastak puntako arerioen artean nola mugitzen diren ikusteko aukera polita izango da biharkoa. Gainera, txapelketa bukaeran zozketa bat egingo dute. Iskizakoak primeran Nafarroako Kirol JolasetanOtsailaren 27an Nafarroako Kirol Jolasen Gimnasia Erritmikoko Bakarkako Txapelketan aritu ziren Iskiza Sakanakoak eta emaitza bikainak lortu zituzten, gimnasta pila bat aritu zirela kontuan hartuz emaitza paregabeak. Benjamin B mailan Leire Zubikoa bigarrena sailkatu zen esku libreekin, eta Irati Begiristain laugarrena izan zen. Eta benjamin A mailan Getari Solozabal txapelduna izan zen esku libreetan eta Eneritz Regil bigarrena.