Valverde ilustratzailea, Valverde idazlea

Guaixe 2011ko martxoaren 24a

Liburuaren Eguna ospatzeko ekintzen barruan, aurreko ostegunean ilustratzaile ezagun baten bisita hartu zuen Olatzagutiko liburutegiak: Mikel Valverde. Marrazkilaria ilustratzaile eta idazle lanari buruz aritu zen, eta arbela batean, marrazteko duen trebezia erakutsi zien bertaratu zirenei. 40 lagun hurbildu ziren Olatzagutiko liburutegira, haur asko, baita gazteak eta helduak ere. Guztiak ere Gasteizko marrazkilariaren ibilbidea gertutik ezagutzeko asmoz. Valverderen bisita zela eta, Olatzagutiko liburutegiak ilustrazio lehiaketa antolatu zuen. 25 haur eta gaztetxok parte hartu zuten. Aurkeztutako lanen artean Mikel Valverde berak aukeratu zituen gogokoenak eta haien egileei sariak eman zizkien. Hala, 8 eta 12 urte bitartekoen mailan Naroa Garcia eta Wissal El Mountassirrek sari bana jaso zuten. 13 eta 16 urte bitartekoen mailan sariak Markel Galbete eta Iñigo Bujandaren eskutan bukatu zuten. Gainontzeko parte-hartzaileak ez ziren esku hutsik joan.