Gure gimnastak, goi mailakoak

Guaixe 2011ko martxoaren 24a

Larunbatean, eta Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko taldeak antolatuta, Iskiza-Disnaval Bakarkako Txapelketa jokatu zen Olaztiko Erburua kiroldegian. Nafarroa, Araba, Zaragoza eta Errioxako 11 klubetako 67 gimnasta aritu ziren guztira. Mota guztietako aparailuekin aritu ziren lanean. Jende asko hurbildu zen Erburuara, hain zuzen ere goi mailako txapelketa baitzen, Estatu mailan lehiatzen diren gimnastak baitira aritu zirenak. "Oso ondo joan zen guztia. Jende asko etorri zen txapelketa ikustera eta parte-hartzea ere handia izan zen. Guretzat oso inportantea da urruti dauden klubetako gimnastak gure txapelketara etortzea, eta, horrela, ikuskizun aparta eskaini ahal izan genion Sakanako jendeari, etorri ziren gimnastak oso maila altukoak direlako. Hain zuzen ere, urtero senior mailako hiru gimnasta onenak Erreginaren Kopa txapelketarako sailkatzen dira, eta horietako batzuk Olaztin ikusi ahal izan genituen" azaldu digu Iskiza Sakanako monitore Amaia Olmosek. Sakanakoek bost dominaIskiza Sakana taldekoak, beraz, pozik daude txapelketa nola joan zen ikusita. "Beste klubetakoek zoriondu gaituzte, antolaketarengatik eta baita Iskizako gimnastak lortzen ari diren mailagatik. Hortaz, oso pozik gaude" nabarmendu dute. Eta hain zuzen ere sekulako maila eman zuten bakarkako txapelketan aritu ziren Iskiza klubeko 7 gimnastek. Hiru maila ezberdinetan bost domina jaso zituzten. Hain zuzen ere, domina jaso duten gimnastek Nafarroako Txapelketan parte hartuko dute igande honetan, eta apirilean Valladoliden ariko dira Estatuko Base Txapelketan.