Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baztango Udalak eta Fidah Fundazioak Musika Bakarlarien Lehiaketa antolatu dute. Larunbatean jokatu zen lehen edizioa Elizondon. Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako 16 musikari gazte lehiatu ziren, nor bere musika tresnarekin, zuten onena emateko prest. Artista gazteen artean Leire Aiestaran olatzagutiarra nagusitu zen. Akordeoia maisutasunez eta sentimendu handiz jo zuen. Lehiaketa Hego Euskal Herriko 13-16 urteko gazteei zuzenduta zegoen. Hasteko, parte-hartzaileek 10 minutuko programa librea eskaini behar zuten. Lehen fasea gaindituta, zazpi finalistek 20 minutuko emanaldia eskaini zuten. Egun guztian zehar erakustaldi ederra eskaini zuten tronpa, txistu, klarinete, perkusio, gitarra, akordeoi eta biolin jole gazteek. Jose Luis Ocon tronboi irakasleak, Enrique Borgo piano irakasleak, Manuel de la Riva piano irakasleak eta Pilar Alonso FIDAHko lehendakariak osatu zuten epaimahaia. Aho batez, Leire Aiestaran akordeoilariari eman zioten saria. Olatzagutiarrak musika materialean erabiltzeko 300 euroko saria irabazi du. Leire Aiestaranen etxekoek esan digutenez, "saria sorpresa atsegina izan da eta pozez txoratzen gaude". Olaztiarra irakasleak animatuta joan zen lehiaketara. Ez da horrelako lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia. Arrasateko akordeoi lehiaketa ezagunean ere parte hartu izan du. 2008an 5. postuan sailkatu zen. FIDAH arte eta humanitateen zabalkundean ari den nazioarteko fundazioa da. Helburuen artean du gazteen gaitasun artistikoa garatzea. Baztango Udalarekin elkarlanean musika lehiaketa antolatu du.