Maisuenea gaztetxe magikoa

Guaixe 2011ko maiatzaren 27a

Artxila, Murtxila, eta... zas! Igandean Olaztiko Maisuenea Gaztetxean agertuko da Txan magoa. Euskal mago jakitunaren ikuskizunak aho zabalik utziko ditu herriko haurrak eta helduak. Magia ikuskizunaren ondoren, otamen ederra izanen da guztiendako.Txan magoaren emanaldia Maisuenea Gaztetxearen 16. urtemugako ospakizunen barruan antolatu dute. 16 urteko ibilbide oparoa ez da magiaren ondorioa; Olaztiko gazte talde nekaezinaren lanaren emaitza da. Olaztiko Gazte Asanbladak zenbait jarduera antolatu ditu maiatzean eta ekainean urtemuga ospatzeko. Maiatzeko bigarren asteburuan izan zuten festa nagusia. Olaztiar andana bildu zen gaztetxearen urtemuga festan. Hamaiketakoa, puzgarriak, mural margoketa, herri bazkaria eta musika izan zuten. Ekainaren erdialdera arte, aurrera jarraituko du ospakizunak.