Gizon bat atxilotu dute bikotekideari tratu txarrak emateagatik

Guaixe 2011ko ekainaren 1a

Larunbatean Foruzaingoak 39 urteko olaztiar bat atxilotu zuen. Bere bikotekideak salaketa egin zuen eta behin baino gehiagotan tratu txarrak ematea leporatu zion. Salaketarekin batera lesio partea aurkeztu zuen. Foruzainak gizonaren etxera joan ziren eta gizona atxilotu zuten. Familia barruan tratu txarrak eragitearen delitua egotzi diote. Sexu indarkeria jasaten duten biktimendako aholkuak:- Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia 112 da.- Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu gertatutakoa, eta laguntza eskatu.- Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.- Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.- Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.-Informazio gehiago. Eguneko 24 ordutan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.