Maisuenea musika elektronikoaren aldare

Guaixe 2011ko ekainaren 3a

Ekainaren 4an, larunbatean, 19:00etan, Olaztiko Maisuenea GaztetxeanAurreko urteetako jaialdien arrakasta ikusita, Olaztiko Gazte Asanbladak ez du zalantzarik izan. Aurten ere Maisutekno Jaialdia antolatu dute. Urtetik urtera indar handiagoa du tekno jaialdiak. Aurten 11 DJ espero dituzte musika elektronikoaren festan. Sakanako eta inguruko haranetako teknozaleak festa hasteko irrikan daude.Musika elektronikoa indartsu11 DJ-k parte hartuko dute IV. Maisutekno Jaialdian, bat ez beste denak sakandarrak. Horrek agerian uzten du musika elektronikoa Sakanan hartzen ari den indarra. Hala ere, teknozaleak kexu dira gustuko musika egin nahiz entzuteko askotan kotxea hartu behar izaten dutelako. Olaztiko Maisuenea Gaztetxeak hori aldatu nahi izan du. Rock, punk eta bestelako kontzertuak bezala, urtero musika elektronikoaren jaialdia antolatzen du. 2008an sortu zen tekno festa eta, haren arrakasta ikusita, jarraipena ematea erabaki zuten. Laugarren edizioan inoiz baino DJ gehiago bilduko dira.  Sakanako DJen bilguneAzken urteetan zenbait sakandar murgildu da musika elektronikoaren munduan. Altsasuarrak izan ziren aitzindariak eta azken urteetan Aranaz eta Irurtzun aldean hartu du indarra. Nork bere estiloa du eta zein bere zirkuituan dabil, baina udaberrian gehienek topo egiten dute Olaztin. Maisutekno jaialdia Sakanako DJen bilgune bilakatu da. Maisuteknon klasikoak ziren hiru sakandarrek, Anaklet, Aiert eta Sevik aurten ezin izanen dute parte hartu. Baina ez dute huts egin beste beterano batek, Altsasuko DJ Ana Beak. DJ Sakamoto, DJ Fino, DJ Oraa, Diego Judas eta Dennis Yuli altsasuarrek ere festarekin bat egin dute. Azken biak elkarlanean ariko dira. Olaztiko Mikel Tx eta DJ Lank barakaldotarrak osatzen dute beste bikotea. Lakuntzako DJ Artolak, Uharte Arakilgo DJ Beteluk eta DJ Gordon irurtzundarrak ere festarekin bat egin dute. Inoiz baino lehenago, arratsaldeko 19:00etan emanen diote hasiera musika elektronikoaren festari. DJek hasiera lasaia emanen diote jaialdiari elkarlanean. 22:00etatik aurrera giroa berotzen hasiko da. 9 DJ bakarlari eta bikoteak ordu bete izanen dute duten onena emateko. Antolatzaileek 12 orduko festa iragarri dute.  IV. Maisuteknoko DJakDJ Artola (Lakuntza), DJ Ana Bea (Altsasu), DJ Fino (Altsasu), Mikel Tx Vs. DJ Lank (Olazti eta Barakaldo), Oraa (Altsasu), DJ Sakamoto (Altsasu), DJ Gordon (Irurtzun), DJ Betelu (Uharte Arakil) eta Diego Judas Vs. Dennis Yuli (Altsasu)