3 eta 5 milioi arteko inbertsioa aurreikusten du porlandegiak

Guaixe 2011ko ekainaren 1a

Biomasa jaso, biltegiratu eta labeetara eramateko azpiegitura jaso beharko da porlandegian. Enpresatik azaldu digutenez, "hornitzaileek behar bezala tratatu eta prestatuta bidaliko dizkigute erregaiak". Nafarroako Gobernuak biomasa erabiltzeko baimena eman dionez erregai hori erabiltzeko beharrezko azpiegiturak jasoko dituzte porlandegian. "Etorkizunean beste erregai batzuetarako baimena badugu, atzera ere, azpiegiturak handitu beharko genituzke", azaldu dute enpresatik. Orain egin nahi diren lanak hirigintza arauak bete besterik ez dutela behar azaldu dute porlandegiko arduradunek. Cementos Portland Valderrivasek pet-coke erregaia ordezkatu nahi du: "biomasak ematen duen %3 baino gehiago ordezkatu behar da. Bestela, balorizazioa eskatzeko ditugun beharrei  ez diogu egoki erantzungo".Porlandegitik argitu dutenez, taldearen beste lantegietan erabiltzen dituzten erregaiak erabili nahi lituzkete Olatzagutian, hau da: tratatutako pneumatikoak, kakao azala edo araztegiko lohiak. Porlandegia Ingurumen Baimen Bateratu berria lortzeko dokumentazioa prestatzen ari da.Labea geldiIazko maiatzetik porlandegiko bi labeetako bat geldi egon da. 13 hilabete. Zuzendaritzak jakinarazi digunez, produkzio plana betetzeko bigarren labe hori  garagarrilean eta agorrilean martxan egonen da, baina urteko gainontzeko 10 hilabeteetan itzalita egonen da. Porlanaren patronalak aurreikusi du 2.012an sektoreak hondoa joko duela, "hau da, ekoizpenak eta salmentak jaisten jarraituko du. Obrak bukatzen direnean, berririk ez baita ematen ari. Sektorea esportazioan oinarritzen ari da, baina horrek ez dio gure porlandegiari eragiten". Etorkizunean "ez da azken hamarkadako ekoizpenik izanen,  horregatik da garrantzitsua kostuen optimizazioa, posible baita sektorearen birmoldaketa etortzea, egun dauden lantegi guztiendako merkaturik ez dagoelako". Heldu den urterako milioi erdi tonako ekoizpena aurreikuspena dute, porlandegiaren gaitasunaren %42". Gaur egun 160 langile ari dira Olatzagutiako porlandegian lanean.