Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Porlandegiak biomasa erretzeko jasotako baimena baloratzeko asteartean bildu zen Sakana Bizirik plataforma. Errausketaren kontrako mugimendutik azaldu digutenez, "enpresaren estrategia beti izan da biomasarendako baimena lortzea, azpiegitura legeztatu eta gero beste hondakin batzuk erretzeko". Sakana Bizirik-ek garbi du emandako urratsa beste hondakin batzuk erretzeko lehen urratsa dela. "Hori da enpresaren benetako asmoa, ez du ukatzen". Sakana Bizirik plataformako kideen iritziz Cementos Portland Valderrivasek "herriaren eta udalaren aurrean inposizioaren bidea hartu du". Plataforman uste dute enpresak eta Nafarroako Gobernuak akordioa lortu dutela, "batak besteari hondakinen arazoa kentzeko eta, horrela, Tafallaldean errauskailurik eraiki behar ez izateko". ArrazoiakSakana Bizirik plataformak nabarmendu nahi izan du "porlandegiak porlana egiteko eraiki direla, ez errausteko". Plataformako kideek esan dute errausketari ekiterakoan ez dela kontuan hartzen herritarren ongizate eta osasuna kontuan, ezta ingurumena. Eta ibarreko ekonomian eragina izanen duela ziurtatu dute. Plataformak ohartarazi du errauskailu bat ibarraren ondoan jartzea oso arriskutsua dela, "gasak ateratzea oso zaila delako. Ikerketa serio batek ez luke erraustegi bat hemen jarriko. Ez dira gutxieneko baldintzak betetzen". Sakana Bizirik ere kexu azaldu da administrazioek errauskailu bat jartzeko hondakin plan bat egin behar dutela aurretik, "baina enpresa pribatuaren kasuan baimen soil batekin nahikoa da". Plataforma hondakinen beste kudeaketa mota baten alde azaldu da: birziklatzea edo berrerabilpena. Sakana Bizirik-ek dio porlandegia errentagarria izateko ez dela beharrezkoa hondakinak erretzea. Bigarren labea orain martxan jarriko dutela azaldu dute. DeiaSakana Bizirik-ek dei egin die sakandarrei eta nafarrei "arazoaz jabetzeko. Nafarroan, ingurumen arloan, gaur egun dagoen arazo larriena da". Plataformak iragarri du" izugarrikeria hori gelditzeko borroka handien aldia" etorriko dela. Azkenik, enpresari dei egin dio, "hausnartzeko eta bide hori ez hartzeko".