Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Itzala eta babes bila ibili ziren atzo margolariak Olatzagutian. Bero zakarra zegoen eta hego haizeak indartsu jotzen zuen, baina, hala ere, kalera atera ziren margolariak. 15 margolarik parte hartu zuen Olaztiko IV. Pintura Azkarreko Lehiaketan, bostek haurren kategorian, bik gazteenean eta zortzik helduen kategorian. Nabarmentzekoa da lehiaketan parte hartzera animatu zen olaztiarren kopurua, 12 denera. Herritarrek lan ederra egin zuten eta, hortaz, sari nagusiak etxean geratu ziren. Hori izan zen haurren kategoriako (11 urtetik beherakoak) sarien kasua: lehen saria Amaiur Markez Imazek eta Irene Fernandez Sanpeirok irabazi zuten, bigarrena Eder Arrizabalaga Otxoaerrartek eta hirugarrena Nahia Gilek, denak ere olaztiarrak. Gaztetxoek, arte plastikoetako materiala jaso zuten. Gazteen kategorian (12-15 urte) bi olaztiarrek parte hartu zuten: Markel Galbete Arnanzek eta Ander Gil Amadok. Biek ere margolan politak egin zituzten eta, hurrenez hurren, lehen saria eta lehen herritarraren saria irabazi zuten. 150na euro jaso zuten arte plastiko, argazki eta kirol materialean. Salbuespena maila nagusia, helduena, izan zen. Lehen saria, 500 eurokoa, Bilboko margolari Carlos Espiga Alonsok irabazi zuen. Accesita Juan Jose Altunarendako izan zen. Bergararrak 250 euroko saria jaso zuen. Azkenik, lehen herritarraren saria, 200 eurokoa, Marta Otxoerrarte Elorzak irabazi zuen.Txokoak Olaztiko Pintura Azkarreko Lehiaketan margotzeko toki kuttunak izan ohi dira herriko plaza, San Migel plaza, udaletxea edota Klinker ingurua. Aurten, berriz, babesa eman dieten txoko ezkutuak margotu dituzte margolariek. Saioa Etxarri lakuntzarra Txurko txoko mutuan aurkitu genuen, "senarraren familiarekin asko egoten baikara hemen". Kalean hasi zuen lana, baina haize indartsuaren eraginez mihisea zikindu zitzaion eta ondoko bajera batean aurkitu zuen babesa. Argazki kamera baten laguntzarekin jarraitu zuen lana. Inguruan zuen familia, haurrak eta beste, baina bera berera, "margotzeko unea niretako denbora baita". Antzekoa aipatzen zuen Pui olaztiarrak ere: "ez naiz margogintzan jantzia, baina niretako denbora hartzeko margo lehiaketan parte hartzea erabaki dut. Bestela orain lanean egonen nintzateke". San Migel plazaren gaineko aldapako txoko batean hasi zuen lana, baina eguzkiarekin batera mugitu beharra izan zuen itzalaren bila. "Hemen bertan bizi naiz, eta ondoko etxea berezia iruditzen zait, horregatik erabaki dut margotzea" azaldu zigun. Olaztiarrak akuarela hautatu zuen. Alaba ere margotzera animatu zela esan zigun. Familian margotzera atera ziren gehiago ere baziren. Helduak ez ezik, gaztetxoak eta haurrak ere kalera atera ziren margoekin eta pintzelekin. Clinker ondoan ikusi genuen 8 urteko Nahia Gil, harrizko etxe dotorea margotzen. Ander anaia ikusita animatu omen da marraztera. Hura ere kalera atera zen eta margolan ederra egin zuen. Kanpotarren ikuspuntuaPolita da herritarrek Olaztiko pintura lehiaketan parte hartzea, baina kanpoko margolarien ikuspuntua ere aberasgarria da. Olaztiko elizaren inguruan aurkitu genuen Altuna bergararra. Pintura azkarreko zenbait lehiaketetan parte hartu izan du, baina Olaztira etortzen den lehen aldia da. "Herri txikia da, baina oso txoko politak ditu" esan zigun. Bergararrak herritarrak margotu zituen mezara bidean. Margolanak agerian uzten zuen egilearen esperientzia. "Margotzearen pasioz eskua hartzen zoaz" azaldu zigun.