Kultur etxea bete arte

Guaixe 2011ko ekainaren 30a

Olaztiko kultur etxeko aretoak artez gainezka egon dira asteburuan. Margolaritza tailerreko ikasleek bi gela apaindu dituzte margolan ederrekin. Ana Pellicerrekin ikasturtean zehar landutako margolanak ziren: paisaje lasaigarriak, bodegoi orijinalak, gorputz biluziak, futbolariak, konposizio abstraktu koloretsuak eta zenbait artista ezagunen kopiak egin dituzte. "Kandynsky eta Miro ezagutzen ditut" zioen gurasoekin erakusketa ikusten ari zen neskatxak. Zenbait olaztiarrek bisitatu zituen erakusketak. Igande arratsaldean, 17:30etik aurrera, Pintura Azkarreko Lehiaketan parte hartu zuten margolarien lanak ikusteko aukera ere izan zuten. Argazki digitaleko tailerreko ikasleek ere erakusketa egin zuten. Estibaliz Diazen aholkuak jarraituz ateratako argazkien arteko kuttunena aukeratu, eta ongi landu ondoren, jendaurrean jarri zuten. Argazkiak inprimatuta nahiz pantailan ikusi zitezkeen. Bertatik pasa zirenek 13 argazkiren arteko onena aukeratu zuten. Leire Barrosok jaso zituen boto gehien eta ondorioz, 50 euro jaso ditu argazkilaritza materialean.