Araban errausketa egitasmoa gelditzeko eskatu dute

Guaixe 2011ko uztailaren 14a

Araban ere "kalte handiak" eraginen lituzkeelako, Olatzagutiko porlandegian hiri hondakinak errausteko egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dute. Eskaera Arabako Kontzejuen Elkarteak, UAGA nekazarien sindikatuak eta Lurra kolektiboak egin dute. Aldi berean, biharko Altsasuko manifestazioan parte hartzera deitu dute. Hiru erakundeen iritziz, porlandegiak ez daude behar bezala egokituta horrelako lanak egiteko. Errausketak bai Nafarroan, bai Araban "pertsonen osasunean, ingurumenean eta elikagaien segurtasunean kalte handiak" eragingo lituzkeela salatu dute. Aratz-Aizkorri natur parkea eta Entzia mendiak bertan daudela gogora ekarri zuten. Horrekin batera, egitasmoak aurrera jarraituko balu nekazaritza sektore aberatsa kaltetua izanen litzatekeela azaldu dute, baita Idiazabal gazta egiten duten ustiapenak ere. Hiru erakundeek errausketa hiri hondakinak kudeatzeko modurik txarrena direla salatu dute. Haren ondorioz, metal astunak, berotegi efektua sortzen duten gasak eta gas azidoak isurtzen direla nabarmendu zuten. Bestalde, bilkuran onartutakoa betez, Altsasuko Udalak bando bidez herritarrak biharko manifestazioan parte hartzera gonbidatu ditu.