Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean banatu zituzten Kameratoia Euskal Herriko ikus-entzunezko rallyaren zazpigarren edizioko sariak, Sopelako Kurtzio kultur etxean. Parte-hartzaileek hiru eta zortzi minutu arteko ikus-entzunezkoa osatu behar zuten, euskaraz. Lan horretan onena izan zen Andrea Galbete olaztiarraren taldea, eta haiendako izan zen lehen saria, 1.500 eurokoa.Lan abstraktua Andrea Galbete olaztiarrak Bilbon pisukide izandako lagunekin osatu zuen taldea, Garazi bizkaitarrarekin eta Saraguetako Maddirekin. Arte ederretako eta Ikus-entzunezkoetako ikasleak dira. Elkarrekin osatu zuten Epalzaren alargunak taldea. Ez da lehiaketara aurkezten diren lehen aldia. Duela hiru urte aurkeztu ziren lehen aldiz, eta bigarren postuan sailkatu ziren. Iaz, berriz, garaileak izan ziren. Aurten, ordea, "sorpresaz" hartu zuten epailearen erabakia. Antolatzaileek ezarritako gaia nahiko zaila iruditu zitzaien, "Txiri-txiri, pitxin" esamoldea zen, lasaitasuna iradokitzen duena. "Ez genuen nahi topikoetara jotzea eta horregatik, ikus-entzunezko abstraktua egin genuen" azaldu digu olaztiarrak. Horrela sortu zen III lana. Garazi, Maddi eta Andrea urtegi baten ertzean ageri dira lasai-lasai, arratsalde pasa. Elkarrizketa surrealistak, gidoirik gabeak dituzte. Uztailaren hirugarren astean egin zuten grabaketa bideo-kamera arruntarekin. "Ez dugu beste baliabiderik" dio Andrea Galbetek. Hirurak aktore lanetan sartu dira eta, azkenik, edizioa egin dute. Hirukotearen ezusterako, lana epaimahaiaren gustukoa izan zen eta 1.500 euroko saria irabazi zuten. Gainera, Topaguneak Laburbira Zirkuituan sartuko ditu saritutako lanak. "Ikus-entzunezkoa Euskal Herrian zabaltzeko aukera bikaina da. Ea Sakanan eta, orokorrean, Nafarroan lekua egiten zaien" esan digu Andrea Galbetek.Beste sariakHamar lan aurkeztu dira lehiara. Epalzaren alargunen ondoren, JR Producciones sailkatu da. 1.200 euro irabazi ditu Abokalipsis nau lanagatik. 3. saria, 900 eurokoa Ez dok 1-Ez dok 3 taldeari dagokio Txiri-txiri, pitxin lanarengatik. Epaimahaia Huheziko irakasle Iban del Campok, EHUko Vanessa Fernandezek eta Ibai Castro zinemagileak osatutako dute. KameratoiaKameratoia lehiaketa Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, antolatzen du gazteen sormena bultzatzeko helburuarekin. Aipatu elkarteko kide dira, besteak beste, Bierrik Fundazioa eta Altsasuko Kima eta Irurtzungo Aizpea euskara taldeak.www.kameratoia.comSaritutako lanak lehiaketaren web orrian daude