Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakana Bizirik plataformako hainbat kidek "porlandegiko zuzendaritzaren hurbileko sektoreen" mehatxuak jaso dituztela salatu zuten prentsaren aurrean. "Kide baten etxera joan ziren; beste batek bera eta bere familia guztia mehatxatzen duen eskutitza jaso zuen, eta beste batzuen kontra indarkeria erabiltzeko deialdiak egin dira".Sakana Bizirik plataformako kideek salatu zutenez, mehatxu horiek etorri dira "enpresako zuzendaritzak errausketaren kontra daudenen aurrean jarrera bortitzagoak erakusteko eskatu ondoren". Sakana Bizirik-eko kideek "metodo horiek" salatu zituzten eta, gaineratu zuten, "mehatxuaren eta beldurraren bidez gehiengoaren borondatearen kontra proiektu bat inposatu nahi dute eta herritarren arteko bizikidetza larriki kaltetu". Plataformak "inposaketaren eta mehatxuaren gainetik arrazoiaren aldeko apustua" egin duela esan zuen. MobilizazioaSakana Bizirik plataformako kideek jakinarazi dutenez, porlandegiaren errausketa egitasmoaren kontra egiten segituko dute. "Garilaren 16ko manifestazioak agerian utzi du jarduera horrek gizartearen gehiengoaren gaitzespena duela. Adin eta sentsibilitate ezberdinetako milaka pertsonek bat egin zuten Altsasun". Halako borrokak eman diren beste herrialdeetan ere mugimendu anitzak izan direla nabarmendu dute plataformako kideek. Manifestazioaren ondoren, gaiarekiko interesa "piztu" zela azaldu digute Sakana Bizirik-etik. "Agurain eta Araia aldean kezka dute. Guk, bestalde, informazioa zabaltzen segituko dugu. Arbizun hitzaldia eman genuen eta Uharte Arakilen erakusketa jarri genuen Artzain Egunean". Aldi berean, mobilizazio gehiago deitzea ez dute baztertu.