Bihar Olatzagutia- Urbasa V. mendi lasterketa

Guaixe 2011ko irailaren 23a

Bihar ospatuko da Olatzagutia-Urbasa V. mendi lasterketa. Goizeko 10:00etan izango da irteera, Olatzagutiako kale nagusitik.Urbasara igoera 7 urtez antolatu ondoren, Sutegi taldeak 2007an lasterketari ibilbide eta ezaugarri berriak gehitu nahi izan zizkion 2 helbururekin, mendizaletasuna sustatu eta hedatzea eta Olatzagutiako herria eta bere inguruak ezagutzera ematea. Aurreko hiru urteetako arrakasta ikusirik eta asmo horiek berberak mantenduz antolatuko dute aurtengo Olatzagutia-Urbasa V. mendi lasterketa. Pasa den urtean bezala, igandekoa mendi lasterketen Euskal Koparako laugarren eta azken proba puntuagarria izango da (Aramotz, Orozko, Zumaia eta Olatzagutia), baita datorren asterako antolatu den Etxarri Aranazkoarekin bukatuko den Nafarroako Koparako ere.Ibilbidea:Lasterketak Olaztiko kale nagusian hasi eta herria zeharkatu ondoren, lehenik Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera joko dute lasterketan parte hartuko dutenek (Tontorraundi-1157m). Zati hau izango da korrikalariek zeharkatu beharko duten zailena, harkaitz arteko malda gogorrenak dituelako. Hortik ekialderantz jarraitu eta Altsasuko portugainetik (1150m) pagadia zeharkatuz Morterutxo izeneko saroiraino jaitsiko dira (890m). Puntu honetan Urbasako parke naturaleko Mendizaleen ibilbidearekin bat egin eta honi jarraituz Sakanako ikuspegi zoragarria duen Zelai handi izeneko parajeraino igoko dira berriz (1113m). Hortik mendebaldera iparraldeko malda zorrotzeko xendatik Bargagaineko gurutzeraino eta Altsasuko portugainetik berriz Morterutxora. Ordekan zehar Urbasako mendate muturreraino (885m) jaitsi beharko dira eta gailurreriatik Entzia aldera Gainsoilera (1068) igo. Jarraian Ziordiko portugainetik pasako dira Ordotzeko putzuraino jaisteko. Hemendik aurrerako ibilbidea jaitsiera suabea izango da Jakusorora iritsi arte eta hortik atzera berriro ere Urbasako portugaineraino. Bukaera aldapa behera zorrotza izango da, bide zidorrean helmugaraino, Olatzagutiaraino, guztira 23,2km dituen ibilbidea osatuz.Izena emateko epea asteartean bukatu zen, beraz, egunean bertan ezin izango da izena eman. Dortsal banaketa gaur arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara izango da Olatzagutiako Erburua kiroldegian eta bihar irteera puntuan goizeko 08:00etatik 09:30era. Gogorarazten da dortsala jasotzerakoan ordain agiria aurkeztu beharko dela.Ibilbideko puntu nagusietan osasun laguntza egongo da, besteak beste irteera eta helmugan, Morterutxon eta Ordotzen.Sariak:Sari potoloak izango dira aurtengo korrikalariendako. Maila absolutuko lehen neska zein mutilarendako 350€, garaikurra eta txapela; bigarren sailkatuendako 175€ eta garaikurra; hirugarren sailkatuendako 125€ eta garaikurra eta laugarren sailkatuendako 75€. Lehen beteranoek, neskak eta mutilak, 75€ eta garaikurra jasoko dute. Sub-23 eta junior mailako lehen neska eta mutilarendako ere garaikurrak izango dira. Lasterketa bukatzen duten korrikalari guztiei opari poltsa banatuko zaie eta Urbasako 10 gazta zozketatuko dira zozketan parte hartzaile guztien artean. Sari banaketa 13:30ean izango da, helmugan.Lasterketa ondoren Sutegi taldeak herri bazkaria prestatuko du. Izena emateko 639294372 zenbakira hots egin daiteke edo olatzagutiaurbasa@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Txartelak dortsal banaketarekin batera jaso eta ordaindu beharko dira.