San Migel festa eguzkitsua

Guaixe 2011ko irailaren 26a

San Migel eguna osteguna 29an bada ere, Olaztiarrek festak asteburura aurreratzea erabaki zuten. Eguzkia izan dute lagun hiru egunetan zehar. Udaletxetik botatako txupinazoak eman zion hasiera San Migel jaiaren ospakizunari arratsaldeko zazpiak aldera, jarraian haurrek bonba japoniarrez gozatu ahal izan zuten.Jendetsua izan da aurtengo ospakizuna, asteburua izateaz gain eguzkiak asko lagundu du eta jendea oso parte-hartzaile azaldu da udaletxeak antolaturiko ekintza orotan. Igandean herrian hain preziatua den artisauen azoka antolatu zen. Bertara postu ugari hurbildu ziren Euskal Herriko izkina ezberdinetatik ekarritako produktuak erakutsi eta saltzeko. Bestalde, Olazti bertako jendeak ere euren postutxoa muntatu eta bitxikerietatik hasita jatekoak ere eskaini zituzten. Aurtengoa, aurreko urteetan baino azoka jendetsuagoa izan dela adierazi dute saltzaileetako batzuk, bai postutxo kopuruaren aldetik baita bisitarien aldetik ere. Denda guztien artean bitxiak, zurezko tailak, taloak, harrian egindako lanak eta itsasontzi eta baserrien maketak izan ziren besteak beste.Bestalde, azokak dagoeneko martxan zirauen bitartean, Sutegi parkean hegazti harraparien ikuskizun paregabeaz gozatu al izan zuten zahar zein gaztetxoek. Ikuskizuna eguerdiko hamabiak eta laurden aldera hasi zen eta adin guztietako jendeak hegazti hauek gertutik ikusi eta haien inguruan gehiago ikasteko aukera paregabea izan zuten.Asteburua amaitu den arren, oraindik ere ospakizuna geratzen zaie aurretik Olaztiarrei, izan ere, ostegunean berriro itzuliko da jaia herrira. Eguna haurren jolasekin hasiko da hamaika terdietan San Migel plazan eta mota guztietako ekintzaz beteriko egunari agurra emango dio zezensuzkoak bederatziak aldera.