Kultur Aste arrakastatsua Olaztin

Guaixe 2011ko urriaren 4a

Olaztiarrek Kultur Astea ospatu dute irailaren 28tik lastailaren 2ra bitarte. Aste guztian barna adin eta ohitura guztietako herritarrek kultur etxerako bidea hartu dute, zenbaitek gainera, lehen aldiz. Bestalde, kultur asteak Olaztiren "beste irudi bat" ezagutzeko aukera eman du. Bereziki hunkigarria izan zen Olaztiko Ahozko Ondarearen Bilketaren aurkezpena. Labrit Ondarea erakundeak adineko 25 olaztiarri egindako elkarrizketen laburpena aurkeztu zuen asteartean. Emanaldi bikoitza eskaini arren, kultur etxea txiki geratu zen. Aurkezpena aspaldi elkar ikusterik izan ez zuten adineko olaztiarren bilkura bihurtu zen eta garai bateko bizipenak gogoratzeko bidea eman zuen. Virginia Alonso kultur teknikariaren hitzetan, "nolabait, Olaztiko zaharrendako omenaldia izan zen; haien bizia garrantzitsua izan dela aitortu zen". Bezperan, astelehenean, Roge Blasco kazetariak zuzeneko irratsaioa eskaini zuen kultur etxetik. Bertan egoteko aukera izan zuten herritarrendako "esperientzia berria eta interesgarria" izan zen. Olaztiren ibilbidea eta ahozko ondarearen bilketa izan zuten hizpide. Olaztiko herriaren "beste irudi bat" zabaldu zuten.Bestelakoan, asteazkenean belaontzian egindako ibilbideari buruz mintzatu zen Fermin Aramendia. "Olaztin bidaia hitzaldiak arrakastatsuak izaten dira, eta kasu honetan ere horrela izan zen" esan digu Virginia Alonsok. Ostiralean, berriz, Organik konpainiak dantza eta antzerki ikuskizun garaikidea eskaini zuen. Ikusle batzuk liluratuta atera ziren eta beste batzuendako, berriz, esperientzia berria izan zen. Azkenik, larunbatean eta domekan, ilusionismo psikologiko eta magia munduan murgildu ziren. Olaztiarrek zuzenean parte hartu eta trukuak ezagutzeko aukera izan zuten.