Inposaketen aurka, gitarrak

Guaixe 2011ko azaroaren 4a

Itsasoz bestaldeko taldeak entzuteko aukera errepikaezina daNazioarteko talde indartsuek bat eginen dute bihar Olaztiko kiroldegian. Londoneko (Erresuma Batua) Deadline, Texasko (AEB) Krum Bums, Kataluniako KOP, Estricalla euskal-kantabriarra eta Madrilgo Non Servium taldeak igoko dira oholtza gainera. Guztiek ere bat egin dute Altsasuko herritar talde baten ekimenarekin. Elkartasun kontzertuen helburua herri mugimenduendako dirua ateratzea da. Herrialde, hizkuntza eta estilo ezberdinetan mezu bakarra zabalduko dute: "hartu, mikrofonoa, igo bolumena, oihukatu... Inposaketarik ez!"JaialdiaBihar, 19:30ean zabalduko ditu ateak Olaztiko kiroldegiak eta 20:00etan emanen diote hasiera jaialdi handiari. Asko eta asko une iristeko irrikan daude, gau bakarrean maila horretako taldeak entzuteko aukera gutxi baititugu. Londoneko Deadline taldeak bost urtetik gora darama Iberiar penintsula zapaldu gabe. Aurten bi kontzertu baino ez dituzte eskainiko, haietako bat Olaztin. Beraz, merezi duten harrera egin beharko zaie. Londoneko taldeak estilo bereziari eutsi dio, oi! melodikoa eta Bretainia Handiko ska nahastuz. Taldearen Alemaniako birak kritika ezin hobeak izan ditu. Olaztin ere forma onean daudela erakutsiko dute.Texasko (AEB) Krum Bums taldea ezagutzen duenak, badaki zer ekarriko duen kontzertuak: zuzeneko indartsua, The Casualties edo The Unseen taldeen estilora, Rancid edo Bad Religion talde kuttunen ikutuekin. Cut the Noose LP berria aurkeztera datoz, People Like You Records etxe alemaniarrak argitaratua. Non Servium taldea 1997an sortu zen Madrilgo Mostoles hirian. Madrildarrek estilo azkarra, zuzena eta oldarkorra dute. Orgullo obrero (1999), taldearen lehen diskoa Espainiako eta Europako oi! estiloaren klasikoetariko bat da. Urteekin punk-oi! aldera jo dute, eta taldearen temak eta koroak gero eta indartsuagoak dira. Madrildarrak zenbait bira arrakastatsuak eskaini dituzte Europan eta Hego Amerikan. Laugarren diskoa aurkeztuko dute Olaztin, El rodillo del kaos izenekoa.Estricalla banda euskal-kantabriarra hard core talde ezagunetako (Kloakao, Kuraia...) kide ohiek sortu zuten 2009an. Izenak "iraultza" esan nahi du aragoieraz, eta hori bera zabaldu nahi dute musikaren bidez. Martxoan Fuegos olímpicos diskoa argitaratu zuten, hardcorea eta punk-rocka batzen dituen lana. Musika zaintzeaz gain, garrantzi handia ematen diote mezuari. Bihar mikroa hartuko dute Olaztin. Badira 10 urte KOP taldeak lehen kontzertua eskaini zuenetik. Kataluniako taldeak hasierako indar berarekin jarraitzen du. Musika protestarako, aldarrikapenerako eta elkartasunerako tresna bezala ulertzen dute. Olaztiko kiroldegian herriaren aldeko oihua zabalduko dute. IkusminaOlaztiko jaialdiak goi mailako kartela du. Atzerriko taldeek urteak daramate inguruan jo gabe, eta gainera kontzertu gutxi eskainiko dituzte. Bestalde, Non Servium bezalako taldeek zale asko dituzte Nafarroan. Horregatik kontzertuak ikusmina sortu du Euskal Herriko eta inguruko musika zaleen artean. Antolatzaileek zenbait autobus espero dituzte.Herri mugimenduek laguntza behar duteKontzertuaren antolatzaileen esanetan, "Sakana inposaturiko zenbait egitasmoren mehatxupean dago: erraustegia, AHT, tentsio altuko linea... Egitasmo horien aurkako herri mugimenduek aurrera egiteko dirua behar da". Helburu horrekin antolatu dituzte biharko kontzertuak. Sakandarrak  jaialdian parte hartzera animatu dituzte.Altsasuarrek luxuzko kartela prestatu dute jaialdirako. Ekainean hasi ziren lanean eta gauzak uste baina errazago joan dira: "Londoneko Deadline taldeak hasieratik baiezkoa eman zuen, Texasko Krum Bums taldea Europan biran  zegoen, Non Servium beti dago Nafarroara etortzeko prest... Geldi-geldi kartela osatu dugu" azaldu dute. Goi mailako kontzertua izanen da, eta herritarren aldetik maila horretako erantzuna espero dute. "Altsasun aldez aurreko sarreren salmenta ongi doa. Bestalde, zenbait herritatik sarrerak erreserbatzeko eskatu digute eta autobusak antolatu dituzte" jakinarazi digute antolatzaileek. Jaialdia behar bezala joateko, 60 bat boluntario ariko dira lanean bihar, gehien bat Burunda aldekoak. "Herri mugimenduendako dirua ateratzea zaila da, horregatik sakandarrak kontzertuan parte hartzera animatzen ditugu". Horra hor antolatzaileen deia.KARTELATaldeak: Non Servium, KOP, Estricalla, Dead Line eta Krum BumsAteak irekitzea: 19:30eanSARRERAAldez aurretik: 15 euro. Leihatilan: 18 euroSakanako salmenta puntuak: Biltoki (Altsasu) eta Klinker (Olazti)