Elkarbizitza ereiten

Guaixe 2011ko azaroaren 30a

Maroko, Senegal eta Ekuadorreko jolasek, hizkuntzak eta musikak, baita bertako jolasek ere, bete zuten aurreko igandean Olatzagutiko Akelarre ludoteka eta gimnasioa. Ehundik gora parte-hartzaile izan ziren, asko gurasoak seme-alabekin, baita gazteak ere. Sakanako Mankomunitateko immigrazio teknikari Begoña Zestau Baraibarrek esan digunez, "giro polita, anitza, koloretsua, alaia sortu zen". Kultura ezberdinetako pertsonen arteko hartu-emana errazteko bidea eman zuen domeka arratsaldeak. "Halako jarduera xumeek laguntzen dute elkarbizitza baikor baterako oinarrietarako aleak jartzen", esan digu Zestauk. Gabezien artean, emakume arabiarren falta sumatu zuen Zestauk. Halako jarduerak gehiagotan errepikatzeko eskatu zuenik izan zen. Munduko jolasak ekimenean parte hartu zuten guztiei eskerrak eman zien mankomunitateko ordezkariak.