Maskaren mundu harrigarria

Guaixe 2012ko urtarrilaren 20a

La Llave Maestra antzerki taldeak Bestiario antzezlan arrakastatsua eskainiko du domekan Olaztin. Quality Label zigiluak familiarteko antzezlanaren kalitatea ziurtatzen du. Bestiario antzezlan esperimentala da. Maskaretan eta antzerki fisikoan oinarrituta antzerki bisual, harrigarri eta jostagarria egiten dute. Antzezlanak haur baten unibertso poetikoan eta bere ametsezko animalietan murgilduko ditu ikusleak. "Zatozte eta begira itzazue zapoak, harrak eta tximeleta erraldoiak " gonbidatzen dute. Fantasiaz betetako unibertso txundigarria sortuko dute. Antzezlan berritzaileak Europako Quality Label 2012 zigilua jaso du. Europako Antzerki eta Mimo Sareak eman dio saria, "ikuskizunaren kalitate poetiko eta bisualagatik" eta "elementu eszenikoen nahasketa aberasgarri eta berritzaileagatik". Izendapena Europako zortzi konpainiek baino ez dute jaso.La Llave Maestra antzerki fisiko eta bisual taldea da. Antzezleek aurpegi osoko maskarekin eta objektuen animazioarekin jolasten dute. Antzezleen artean daude Ion Barbarin eta Izaskun Mujika ihabartarrak. Bestiario antzezlanak jasotako kalitate izendapenak "Europako ateak irekitzea" espero dute. Aurten Hego Amerikara joatekoak dira.