Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ilbeltzaren 28an, larunbatean, 19:00etan, Olaztiko kultur etxean. Sarrera: 5 euroOlaztiko herria buru-belarri murgildu da herriko seme Luisitoren aldeko ekimenetan. Denok Luisitorekin! taldeak zenbait ekitaldi antolatu zituen azaroaren bukaeran, istripua izan zuen gazteari laguntzeko. Elkartasun festa guztiz arrakastatsua izan zen. Esaterako, herritarren kontzertu berezian txiki geratu zen kultur etxea. Zenbait herritar lekurik gabe geratu zela ikusita Denok Luisitorekin! taldeak emanaldia errepikatzea erabaki du. Olaztiko artistak eszenatokira igoko dira atzera ere. Adin guztietako musikari olaztiarrek parte hartuko dute elkartasun kontzertuan. La Cigarra txarangak emanen dio hasiera emanaldiari. Luisitoren aldeko bigarren kontzertuan talde berria sartu da, Olaztiko musika eskolako ikasleena. Jarraian, Amaia Galartza, Aitor Galbete eta Irantzu Imaz trikitilariek eta Ion panderojoleak kultur etxea alaituko dute. Ondoren, akordeoilariek hartuko dute txanda: Leire Aiestaran akordeoilari sarituak eta Ainhoa Kintana gaztetxoak joko dute. Ziordiko eta Olaztiko koruak itxiko du kontzertua, Kiko eta Lorenzoren laguntzarekin. Sarrerak salgai daude Klinkerren eta Aixeleku tabernan, 5 eurotan. Bertan izaterik ez dutenek ere laguntzeko aukera dute zero lerroa erosiz, hau da, borondatea emanez. Luisitoren egoera31 urteko olaztiarrak istripu larria izan zuen. Ondorioz zenbait ebakuntza egin behar izan dizkiote. Orain berriz, hainbat fisioterapeutaren laguntza behar izaten du bere egoera hobetu ahal izateko. Honek guztiak gastu ekonomiko handia eragiten dio familiari (etxea egokitu, gurpildun aulkia erosi, fisioterapeutak...) eta lagundu ahal izateko "Denok Luisitorekin!" taldea osatu dute.