Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ilbeltzaren 28an, larunbatean, 23:00etan, Olaztiko Maisuenea gaztetxeanUrte eta erdiko isiltasunaren ondoren, Kaleginez taldea eszenatokira itzuliko da bihar. Olaztiko taldeak eskarmentu handiko taldearekin banatuko du kartela: Segismundo Toxicomano punk-rock taldearekin. Gasteiztarrek disko berria aurkeztuko dute. Bi taldeak izango dira Olaztiko Gazte Asanbladak Guaixe eta Beleixeren alde antolatutako elkartasun gaueko izarrak.Etxekoak bueltanKaleginez taldeak 2008an eman zituen lehen urratsak. Gazteak izan arren, esperientzia handia zuten musikariek osatu zuten taldea: Iñaki eta Xabier Garmendia anaiek (lehenengoak gitarra, tronpeta eta ahotsa, eta bigarrenak gitarra eta ahotsa), Pello Reparazek (bateria eta koroak) eta Julen Arratibelek (baxua eta koroak). Beste zenbait taldetan ibiliak ziren (Vendetta, Dubet, Alkaloide, Segada, K-69...). 2009ko udazkenean etorri zen taldearen lehen diskoa, eta oraingoz bakarra: Bueltarik gabe. Diskoan hardcore melodikoa nagusitzen zen, batzuetan punkaren eraginarekin, bestetan reggea ikutuarekin, noiz edo noiz tronpeta jostagarriak gehituz... Diskoa aurkeztu berritan, Pello Reparazek taldea utzi behar izan zuen, denbora faltagatik. Haren lekua hartu zuen Angel Gorospek. Hilabete batzuk beranduago, Julen Arratibelek utzi zuen laukotea. Urtzi Azkargortak bete zuen hutsunea, taldea erabat olaztiartuz. "Baxujole rockeroa da, baina zuzenduko dugu" dio Iñaki Garmendiak barrez.2011 urtea egokipen urtea izan da olaztiarrendako, baina ez diote elkartzeari utzi. "Taldean Xabier eta biok egonda, etxean behin baino gehiagotan sortzen zaizkigu ideia berriak, eta pikatu eta gitarra hartzen dugu" azaldu digu Iñakik. Maisuenea gaztetxean duten entsegu gelan bildu, eta gustuko taldeen bertsioak egin eta 8 abesti berri sortu dituzte. Egoera politikoari, krisiari edota musikari abesten diote, beti ere euskaraz. Olaztiarrek berezko duten estiloari eutsi diote, baina badute sorpresaren bat edo beste. "Rantxera moduko bat ere badugu" iragarri du Xabierrek. Ez dute baztertzen udarako abesti berriak grabatzea. "Aztertu beharko dugu zein forma eman" dio Xabier Garmendiak.Zuzenekorik gabe urte pasatxo egin ondoren (lagun arteko ekitaldiren bat kenduta), biharko kontzertuaren aurrean "urduri" daudela onartzen dute, "ezinezkoa baita dena ongi lotzea". Baina musika jotzen gozatzeko eta ikusleei ongi pasarazteko gogoz daude. Arabako punk-rockSegismundo Toxicomano taldeak azken diskoa aurkeztuko du Maisuenean. Gasteizko taldea Euskal Herriko eta estatuko punk-rock talde esanguratsuenetako bat da. Cicatriz eta La Polla Records talde ezagunen eragina dute. 1997an hasi zuen ibilbidea, eta dagoeneko estudioko zortzi disko ditu. Taldeari izena duen lehen diskoak arrakasta itzela izan zuen 5.000 kopia salduz. Beste diskoetan ere abesti ahaztezinak utzi dituzte, adibidez, Odio, Cock Sparrer taldearen England belongs to me abestiaren bertsioa, Sospechosos... Bira ikusgarriak egin dituzte, besteak beste, La Polla, Boikot eta Disidencia taldeekin batera.Taldearen azken lanak, Ke no cunda el panico diskoak urrian ikusi zuen argia. 8 tema berri aurkeztuko dituzte. Aurkezpen kontzertuetan diskoaren kopiak banatu dituzte dohainik. Doako diskoekin edo gabe, laukotearen zuzenekoak opari bat dira.