Santa Agedetarako berotzen

Guaixe 2012ko otsailaren 3a

Eszenatokira igoko dira El Trono de Judas eta Alerta GorriaOlaztiko Gazte Asanbladak Santa Agedetarako motorrak berotu nahi izan ditu. Helburu horrekin kontzertu bikoitza antolatu dute gaur gauerako, gaztetxera gonbidatu baitituzte El Trono de Judas eta Alerta Gorria taldeak. Punk-rock eta punk-oi! melodiekin eginen diete harrera neguko festa txikiei. Arbizuko uholdeaArbizuko Alerta Gorria taldeak 2009an hasi zuen ibilbidea. Asier, Ander, Jon, Joan eta Joanesek gustuko taldeen bertsioak egiten hasi zuten bidea. Baina, denborak aurrera egin ahala, gero eta abesti gehiago dituzte. Punk-oi! estiloa gustatzen zaie, "musika gogorra", esan digu Asierrek. Gitarra melodikoak eta ahots gogorrak ederki nahasi dituzte. 6 abestiko bildumatxoa eginda, buruan dute maketa bat grabatzea.  Arbizuko gazteak haien lana erakusteko gogoz eta indarrez gainezka daude. Urtean barna eskaintzen duten kontzertu piloa ikusi besterik ez dago. Zuzeneko horietan guztietan agerian utzi dute zale asko dituztela. Alerta Gorriaren jarraitzaile uholdea Olaztin izanen da gaur. Judas gurtzeraEl Trono de Judas taldeak azken diskoa aurkeztuko du Olaztiko gaztetxean. Iruñeko taldeak 1996an hasi zuen ibilbidea. Hamabost urteko historia luze eta emankorrak bost disko utzi ditu: Los que reparten la paz (1998), Tenemos que ser optimistas (2001), El sonido de la metralla (2003), Gure kabuz ala hil (2007), Zuzen AHTren aurka (2009) eta Espejos por ventanas (2011). Azken lan hori aurkeztuko dute gaur gauean.Iruindarrendako, musika aldaketa sozialerako tresna da. Hortaz, mezu sozial eta politikoak zabaltzen dituzte punk-rock erritmoan. 2011n argitaratutako diskoan ere lekua egin diete askatasunaren aldeko eta zapalkuntzaren aurkako mezuei. Taldeak Sakanan horrenbeste jarraitzaile izan dituen punk-rockari eutsi dio, indarrez beteriko bateria, gitarra eta ahotsarekin.