Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den urteko istripu larriaren ondoren, Xabier Zabalo txirrindularia lehiaketara bueltatzeko entrenatzen ari da. Errehabilitazioaren ondoren, tropelean lehiatzeko hainbat proba pasarazi dizkio federazioak eta guztietan emaitza onak izan dira. Zabalok aitortu digunez, "egoera onean nago eta istripuaren ondoren segitzeko gogo gehiago ditut".Orbeako txirrindulariak esan digunez, abenduan hasi zen entrenatzen, bere kabuz. "Hasieran errehabilitaziorako, lasai. Orain intentsitatea igotzen ari naiz. Pixkanaka ordu gehiago entrenatzen". Zabalok aitortu digu aurreko urteetan baino lasaiago ari dela entrenatzen, baina ongi ari dela. "Sasoi bete-betean ez banago ere, istripuak eragindako arazorik ez dut". Hori bai, txirrindulariak aitortu digu halako istripu larri baten ondoren kostatzen dela bueltatzea. "Sentsazioak onak dira. Jaitsieretan tentuz ibiltzen naiz. Baina denborarekin konfiantza hartuko dut. Normala da".EgutegiaZabalok joan den urtean denboraldiaren lehen zatia egin zuela esan digu, baina bigarren zatian, istripuarekin dena okertu zen. Aurten bi garaitan egon nahi du sasoiko txirrindulari olaztiarrak: martxo-apirila aldera eta abuztuan. Udaberrian etxeko lasterketak, Gaztela, Asturias eta beste itzuliak daude. Udan, berriz, Portugal eta Burgoseko itzuliak.Sakanako hotzetik ihes, igandeaz geroztik Benidormen dago prestatzen, beste taldekide batzuekin. Hemen eguraldia aldatzen denean bueltatuko dela azaldu digu Zabalok. Heldu den astean taldearen aurkezpena izan daiteke eta olaztiarra bueltan izanen dugu. Ordutik aurrera gainontzeko taldeekin ariko da. Orbea taldearekin ez du kexarik txirrindulariak, "ongi portatu dira".